Aste honetan bisitatu dut berriro. Kontatzen hasi eta hogeita hamaika izan dira zenbatu ditudan urteak. Hiru hamarkada pasatxo bigarren aldiz jaio nintzela diotenetik. Hogeita zazpi egun egin nituen bertan; askotxo hamabi urte bete zituen egunean ospitaleratu zuten neskatoarentzako, baina batere ez etxerako bidea onik eta pozik egiteko gai nintzela kontuan hartzen badugu. Asko zor diot Osasungintza Publikoari eta izugarri egun hartan Santiago Ospitaleko larrialdi zerbitzuetako langile eta profesionalei. Harri-jasotzaile ohia eta hizlari trebea den ezagunak esango lukeen moduan, nire ustez Osakidetza funtziona eta ni neu horren adibide bat naiz. Jendartean, baina, iritzi ezberdina duten pertsonak gero eta gehiago dira tamalez, eta egiari zor… ez nau harritzen.
Azken garai hauetan, Osakidetzaren inguruan gizarteak entzuten, irakurtzen edo jasotzen duena ez da batere pozgarria. Interes pribatuen mehatxuak, kargu-uzte eta dimisioak, zerbitzu ezberdinen azpikontratazio eta pribatizazioa, kexa-kopuruen handitzea, profesional falta, zerbitzu konkretuen desagertzea, itxaron zerrenda luzeak… Horiek agerian uzten dute Osasungintza Publikoaren kalitateak jasan duen beherakada. Horrela, osagarri edo osasun-aseguru pribatu bat ordaindu dezaketen pertsonak behartuta ikusi dute beraien burua horixe egitera. Nire ustez, egoeraren erantzule nagusienetako bat pribatizazioa da, eta jendarteari sistema publikoak ez duela funtzionatzen helaraztea bide horretan jarraitzeko beste estrategia bat dela esango nuke.
Beraien poltsikoek datorren edozer jasan dezaketen bitartean, Euskal Oasian sinisten duten horiek alarmistatzat joko naute akaso, baina badira nire ardura hori partekatzen duten adituak ere. Aaron Reeves soziologoak, adibidez, osasun zerbitzua sektore pribatuan azpikontratatzeak ekidin zitezkeen heriotza-tasen igoerarekin duen erlazioa erakusten duen ikerketa argitaratu berri du. Bertan, osasungintzaren pribatizazioak garaiz iritsi ez delako gertatzen diren heriotzak areagotzen dituela jasotzen da. Reevesek dioenez, erabaki politiko eta ekonomikoek biztanleriaren osasunari eragiten diotela erakusten du azterlan horrek; zuzenean edo zeharka eta batez ere ahulenari, baliabide ekonomiko gutxien dituenari, alegia. "Osasuna ez da behar dugun guztia, baina osasunik gabe beste guztia ez da ezer", zioen Schopenhauerrek. Ezer ez hori saihestu nahi baduzu beraz, arduratu zaitez eta jokatu arduratsu erabakiak hartuko dituztenak aukeratu behar dituzunean. Osakidetzak funtzionatu dezan, erabaki politiko eta ekonomikoak hartuko dituzten horiek baitira gakoa.
Aintzane Urrutia.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.