Marra gorriak

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Urrutia 2023ko urt. 28a, 10:00

Arg: 'Billy Elliot' filmeko irudia.

"Oraindik zaila egiten zaigu mutilek tradizioz neskekin lotutako jarrerak dituztela ikustea"

Poztasunez hartu nituen aurrean nituen bi marra gorriak. Horixe zen hain juxtu desiratzen edota desiratzen nuela erabaki nuena. Kolore gorriko bi lerro haiek etorkizunean ekarriko zidaten erantzukizunari ez nion erreparatu. Egoera hori guztiz berria zen niretzat, eta esaerak dioen moduan, inor ez da ikasia jaiotzen. Ez ni, ez nire barruan hazten ari zen bizitza berria.

Haurdun nengoen. Nire lehentasunak aldatu ziren. Ordurarte ezezagunak ziren buruhausteak iritsi zitzaizkidan, eta oraindik ere iristen zaizkit jakina. Etorkizuneko jendartea baldintzatuko duen erantzunbeharra da gurasotasuna, ardura handia eskatzen duen etengabeko ikasketa prozesua. Bada horretan nabil, bi marratxo gorri haien ostean nire bizitzara iritsi ziren bi semeei lerro gorriak zer diren erakutsi nahian. Ikasiko dute? Horixe nire zalantza, dilinda, duda, ezbai edota enura.

2023an gaude, baina askorentzat oraindik tabua da mutiko batek azazkalak margotzea, oraino ohikoa da kolore arrosa neskena dela entzutea. Alabaina, gure gizartean sortzen den matxismoa ez da bapatekoa. Jendartea guztion artean eraikitzen dugun zerbait da, eta horregatik da garrantzitsua gure seme-alabak feminismoan heztea.

Gizonezkoek emakumeen gaineko nagusitasuna erabiltzen dutelako funtzionatzen du sistema patriarkalak. Hala, hori horrela dela onartzen dugunean, sistema hori desagertu dadin, beharrezkoa da mutikoak beren pribilegioetatik aska daitezen heztea funtsezkoa dela ulertzea. Horixe da nire marra gorria, horixe nire atergabeko ikaskuntza prozesua.

Neskak ahalduntzeari garrantzi handia eman zaio azken urteotan, hots, tradizioz mutilena zen postu bat betetzera bultzatzeari. Horretan zentratu gara, eta gaur egun, arrunta da neska bat futbolean aritzea adibidez, baina ez da berdina gertatzen alderantzizko norantzan. Hau da, oraindik zaila egiten zaigu mutilek tradizioz neskekin lotutako jarrerak dituztela ikustea.

Beraz, lehenengo pausua ikustea da, eta horretarako inportantea da betaurreko moreak janztea. Marra gorriak automatikoki etorriko dira ondoren. Ez dira nire semeak gimnasia erritmikoa edota balleta praktikatzen dutenak, ezta futbolzaleak ere. Baina azken egunetan Shakira, Pique, Dani Alves edota Kings League izan ditugu mintzagai etxean. Solasaldi horietan, semeek kolore egokiko betaurrekoak daramatzatela frogatu dut eta aipaturiko automatismoa ematen dela bermatu dut. Beste mota batekoak dira azaleratu diren marra gorriak, baina sentiarazi didaten poztasuna hasieran aipatu dudanaren parekoa izan da.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago