Patience Idemudia (Laudio, 2008) Tenerifeko Adeje herrian izan da, Filosofia Olinpiadan parte hartzen. Mugak eta justizia globala izan dituzte hizpide, eta hausnarketak elkarbanatu ditu Aiaraldea Komunikabidearekin.
Espainiako Filosofia Olinpiadan parte hartu duzu; zer dela eta?
Lehenengo postua lortu nuen Eibarren, Euskadiko V. Filosofia Olinpiadan, dilema moralaren modalitatean. Lau modalitate ziren guztira, eta modalitate bakoitzeko irabazleak Tenerifera joan ginen estatu mailako Filosofia Olinpiadan Euskadi ordezkatzeko.
Zertan datza ariketa hori?
Egoera hipotetiko bat eta galdera bat aurkezten dizute, aukera desberdinen artean erantzun bat hautatzeko beharra eskatzen duena. Aukera posible baten eta bestearen aldeko eta kontrako argudioak mahaigaineratu behar dituzu, filosofo eta pentsalarietan oinarrituta. Gatazkaren balioak azaleratu behar dira disertazioan, eta bertatik aukera bat hautatu, ateratako ondorio guztiak kontuan hartuta.
'Mugak eta justizia globala' izan da aurtengo edizioko gaia, eta zuk horren inguruan hausnartu duzu.
Eibarreko finalean errefuxiatu eta migratzaileen gaia landu genuen: familia batek asilo politikoa eskatzen du krisi ekonomikoak jota dagoen herrialde batean, eta guk gobernuak egin beharrekoaren inguruan hausnartu genuen. Tenerifeko dilema orokorragoa izan zen; mugak bai ala mugak ez. Eibarreko ariketan, Greziako eta Siriako datuak hartu nituen abiapuntu. Bai Eibarren eta baita Tenerifen ere, zenbait filosoforen iritziak aipatu nituen, eta Etika Eskolei ere egin nien erreferentzia. Etikak bi talde handitan banatzen dira. Batzuek defendatzen dute zoriontasuna ematen digun hori egiteko beharra, eta horren harira agian erabaki dezakezu errefuxiatu horiek ez artatzea. Hor kokatzen dira testuan aipatu nituen Epicuro edota Stuart Mill. Bigarren talde batek, ordea, justiziaren etikaren alde egiten du; gure betebeharrak eta ondo dagoena egiteko zoriontasuna sakrifikatzearen aldekoak dira hauek. Bi ikuspegi horietan oinarritu nintzen. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko hainbat artikulu ere baliatu izan ditut idazkietan. Izan ere, 1948an Parisen onartutako adierazpeneko 2.3 eta 13 artikuluak mugarik gabeko mundu batenalde egongo lirateke, pertsona orok modu librean bidaiatzeko eskubidea aitortzen baitute.
Zuk ez duzu filosofia ikasi oraindik, ezta?
Ez, ni DBHko 3. mailan nago. Pentsamendu kritikoa eta autonomoa izeneko ikasgai batean prestatu dut olinpiada. Asko gustatzen zait hausnartzea, eta horregatik eman nuen izena bertan. Ez nuen inondik inora espero finalista izatera iritsiko nintzenik. Dilemaren modalitatean iritsi nintzen finalera, baina beste bi modalitatetara ere aurkeztu nintzen: bideogintzan eta argazkilaritzan. Bideoarekin ere aitortza jaso nuen Eibarreko finalean.
Zer landu zenuen bideo horretan?
Mitologoen arabera, ipuin eta kondaira klasiko guztietan errepikatzen den eskema hartu nuen oinarri bezala: Heroiaren Bidaia. Gaia Mugak eta justizia globala izanik, heroiaren bidaia hori nire amaren biografian aplikatu nuen, bideoz grabatu nion elkarrizketa baten bidez.Nire ama nigeriarra da.Nigeriatik etortzeko egindako bidaia horretan heroiaren bidaiko elementuak identifikatzen joan nintzen.
Ezagutzen zenuen zure amaren istorioa?
Ez. Ez nekien zerk ekarri zuen nire ama Laudiora. Berak ez zidan inoiz kontatu eta nik ez nion inoiz galdetu. Filosofia Olinpiadak pixka bat gehiago elkartu egin gaitu.
Gaiarekiko gertutasun horrek lagundu dizu ariketa filosofikoak ebazterako orduan?
Ez, niretzako gaia ez da jendeak uste duen bezain gertukoa. Ez nuen nire hurbileko gai bezala ikusten. Amarekin izan nuen elkarrizketak asko harritu ninduen. Kontatu zidan txalupa batean egin zuela bidaia.
Guk Amets Arzallusen Miñan liburua irakurri berri genuen, eta ezin nuen sinistu nire amak liburuko protagonistak bizi izan zuen berdina bizi izana. Aurkikuntza oso polita izan da!
Pentsamendu kritikoak eta landu dituzuen bezalako hausnarketek nola lagundu dezakete migrazioaren gaiari heltzerakoan?
Oso lagungarriak dira gure pentsamendua garatzeko, eta oinarririk gabe iritziak eta buloak gezurtatzeko. Askotan mespretxatu egiten dira horrelako ikasgaiak, baina beste alor batzuk baino ekarpen handiagoa egiten dutela uste dut. Pentsamendu kritikoak begirada enpatikoagoa eskaintzen digu, problematikei modu eraginkorragoan erantzun ahal izateko. Txikitatik landu beharko genukeen zerbait da. Izan ere, orain institutuan aurreiritzi eta estereotipo asko ikusten dira, jende askok gauzak hausnartzeko tarterik eta gaitasunik izan ez duelako.
Institutuan gaiarekiko hausnarketa sakonago bat ahalbidetu du zure partehartzeak?
Ez dakit eragina izan duen, baina egia da filosofia olinpiadari esker gaiaren inguruan asko hitz egin dugula klasean, gaiari lotutako pelikulak ikusi ditugu… Orain arte, migrazioaren inguruko buloak haizatzen zituzten nire klasekideek eta dagoeneko ez dituzte hauek gehiago zabaltzen. Uste dut deshumanizazio handia zegoela migratzaileekiko eta hori gainditzea lortu dugu.
Irakurri osorik: www.aiaraldea.eus