Iritzia

"Nire herritik aterako da Korrika, baina duela hiru urte bezala, ezin dut ziurtatu bertan egongo naizenik"

Erabiltzailearen aurpegia Galder Barbado Bonilla 2022ko mar. 22a, 10:30

3 urte pasako dira azkenengoz Korrika egin genuela. Azken edizioan ez zegoen pandemiarik, ez zegoen errefuxiaturik eta ez zegoen gerrarik, edo behintzat hori sinestarazi nahi digute orain etengabe.

Korrikan parte hartzeko mila modu egon dira historian zehar, milaka konbinazio. Ekarpen ekonomikoa eginez, bolondres moduan antolaketan laguntzen, hutsik dauden kilometroak betez, jai giroan murgildurik egunero jasaten ditugun hamaika bidegabekeri salatuz edota gurekin ez daudenak gure lepo eta bihotzetan eramanez.

Nire lehenengo Korrikak Urduñan egin nituen Eskola Publikoan, azkenekoa ordea Darocako espetxeko patioan. Egunero korrika egiten genuen goizetan bertan geunden kideok, baina egun horretan bestelako ikuspegi eta irribarre batekin egin genuen.

Bagenekien egun hori ezberdina izango zela patioaren neurria bera izan arren, eguneroko errutina izan arren, Euskal Herrian egon ez arren; egun hori berezia izan zen. Gure hizkuntza ezabatu nahi dutenen gatibu izanda ere gure ekarpena egin genuen haien muturretan, gure hizkuntzak bizirik jarraitu dezan.

Aurten, kasualitatez, Amurrion hasiko da Korrika. Martxoaren 31n Euskal Herri osoa euskararen alde zeharkatuko duen lurrikarak nire herrian izango du epizentroa. Egun batzuk besterik ez euskararen lekukoak, beste behin, bidea urratzen hasteko.

Azken urte hauetan, Aitor eta biok bizi dugun egoeragatik bihar zer gertatuko den edo non egongo naizen ez dakidanez, ezin dut zin egin Korrikaren hasieran egongo naizenik, baina egon ziur euskararen lekukoa gainean eramango dugula.

Animo asko eta eskerrik asko gure hizkuntzaren alde egunero lanean zaudeten guztiei.

Euskal preso eta iheslariak Korrikara!

Alaitz Korrikara!

Albiste hau AIARALDEAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago