Epaileen ebazpenaren zain, borrokan jarraitzeko determinazioa adierazi dute Tubacexeko langileek

Erabiltzailearen aurpegia Aimar Gutierrez 2021ko eka. 23a, 11:45

Tubacexeko zuzendaritzak Aiaraldeko lantegietan ezarritako EEEa izan dute aztergai aste honetan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Areto Sozialean. Beharginak baikor azaldu dira, eta espero dute epaileek kaleratzeen baliogabetasuna ebaztea.

Bi egunez luzatu da Tubacexeko zuzendaritzak Laudio eta Amurrioko lantegietan ezarritako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen aurkako epaiketa. Bi epaiketa berezitu izan dira, eta Justizia Auzitegi Nagusiko bi areto desberdinen esku dago orain epaia.

Astelehenean TTI lantegietako kaleratzeak aztertu zituzten Garbiñe Biurrun presidente duen aretoan. Epaiketa hasi aurretik epaileek proposamena plazaratu zieten bi aldeei: Enplegua Erregulatzeko Espedientea mahaiaren gainetik kentzea, eta Lana Aldi Baterako Erregulatzeko Espedientea ezartzea, kaleratutako langileak berronartuz. Enpresa Batzordeak proposamena onartu zuen, baina zuzendaritza horren aurka agertu zen. Asteartean, berriz, Aceralava altzairutegiko kaleratzeen txanda izan da. Juan Carlos Iturri epailearen aretoan gauzatu da bigarren saio hau.

Hamar eguneko epean espero dute jasotzea epaileen ebazpena. Langileak baikor azaldu dira eta kaleratzeen baliogabetzea espero dute.

Albiste hau AIARALDEAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago