Hasi da Tubacexeko EEEaren epaiketa, grebalarien protesta artean

Erredakzioa 2021ko eka. 21a, 17:00

Tubacexeko langileen protesta EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean. / Argazkia: AIARALDEA.eus

Gaur eta bihar artean bi saio izango dira EAEko Auzitegi Nagusian, sindikatuek Tubacexeko EEEari aurkeztutako inpugnazioen harira. Enpresa batzordeak kaleratutako 129 langileak berriro onartzeko eskatu du.

Epaitegietara iritsi da Tubacexeko lan gatazka, 129 langileen kaleratze kolektiboa ekarri duen EEEaren aurka sindikatuek aurkeztutako inpugnazioen harira. Bi epaiketa izango ditu auziak: astelehenean, Laudioko TTI lantegiko kaleratzeak aztertu dituzte; asteartean, berriz, Amurrioko Aceralava fabrikakoen txanda izango da.

EAEko Justizia Auzitegiaren atarian, Tubacexeko ehunka langile bildu dira protesta egiteko, greba mugagabearen 131. egunean eta borrokan dauden beste hainbat enpresako langileen babesarekin. Enpresa batzordea "baikor" agertu da, "EEEak bidezkoak ez direla frogatzeko argudioak eta arrazoiak" dituztelako. Hortaz, kaleratutako 129 langileak "beren lanpostuetara itzultzea" espero dute.

Kaleratzeak baliogabetzeko aukera

Auzitegiko Areto Sozialean, TTIren prozesua Garbiñe Biurrun buru duen atalean egingo da, eta Aceralavarena Juan Carlos Iturri epailearen aretoan. Sindikatuek horren balorazio positiboa egin dute hasieratik, orain dela gutxi bi auzitegi horiek hainbat epai ebatzi dituztelako enpresaren aldearen kontra, "Covid-19tik eratorritako arrazoiengatik kaleratzeko debekua" interpretatzean; adibidez, PCB-ITP Aeroko kaleratzeen kasuan. Izan ere, Espainiako Gobernuak arau hori ezarri zuen, enpresak ABLEEak aplikatzera bultzatzeko, kaleratzeen ordez.

Tubacexen kasuan, epaileek antzeko erabakia hartu eta kaleratzeak pandemiaren ondorioekin lotuta daudela ondorioztatzen badute, kaleratzeak ez lirateke bidegabetzat joko; aitzitik, EEEa bera baliogabetuta geratuko litzateke, eta langileak berriro onartu beharko lituzke enpresak. Halaber, gisa horretako ebazpen batek aurrekaria ezar lezake abian dauden beste lan gatazketan.

Nolanahi ere, bai sindikatuek eta baita enpresak ere dagoeneko iragarri dute helegitea jarriko dutela epaia beren interesen kontrakoa baldin bada.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago