Koronabirusa

Amurrioko eta Laudioko jaiak ez dira ospatuko aurten

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2020ko mai. 18a, 13:39

Aurten ez dira ohiko jaiak egingo, ez Laudion ezta Amurrion ere. / AIARALDEA

Covid-19ak sortutako osasun-krisia dela eta bi herrietako alkateek aurtengo edizioak bertan behera uztea erabaki dutela adierazi dute, nahiz eta formatu txikiagoko hainbat ekintzen aldeko apustua egingo dutela gehitu.

Bertan behera geratuko dira aurtengo Amurrioko eta Laudioko jaiak, bi udalek ohar bateratu batean adierazi dutenez. Osasun agintariek eta Eudelek emandako gomendioak jarraituta, biztanleentzako behar adina segurtasun bermatzea ezinezkoa dela ikusi dute eta jaiak aurtengo egutegitik kentzea erabaki dute.

Dena den, Covid-19ak sortutako testuingurura egokitzen den kultura eta aisialdi programa alternatiboa lantzen ari dira jada bi instituzioetatik, Josune Irabien Amurrioko alkateak eta Ander Añibarro Laudioko alkateak jakinarazi dutenez. Ekintza horiek, halabeharrez, formatu txikikoak izango direla gehitu dute bi alkateek, kutsadurak sortzeko aukerak murrizteko: “Kale-animazioa, antzerkia, musika eta abar, betiere edukiera mugatzeko neurriak hartuta, eserita, sarbideak kontrolatuta eta pilaketak saihestuz”.

Albiste hau Aiaraldeak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago