Aiarako Udalak espedientea ireki zion Zorroza Gestion de Residuos enpresari iragan asteko lan heriotza baino lehen, ingurumenaren eta pertsonen babes arauak ez betetzeagatik.
Aiarako Udaleko arkitektoaren aburuz, enpresak "arau hauste oso larriak" egin zituen ingurumenari, pertsonei eta euren jabegoei dagokienez. Teknikariaren iritziz, enpresak baimenik gabeko jarduera izan du, ez zituen proposatutako neurri zuzentzaileak ezarri eta, gainera, hiru aldiz ukatu zion udalari enpresara sartzeko aukera.
Aiaraldea hedabideak aukera izan du Aiarako udal arkitektoak iragan abenduan Zorroza Gestion de Residuos enpresari buruz eginiko txostena irakurtzeko. Testuaren oinarrietako bat aurretik -2017ko abenduan- plazaratutako informe teknikoa da. Idazki horretan teknikariak ondorioztatu zuen Zorroza Gestion de Residuosek bi arau hauste larri egiten zituela: bere proiektuan jasota ez zegoen jardueran aritzen zen -baimendu gabeko materialak pilatuta- eta, gainera, ahal zuena baino zabor gehiago pilatzen zuen instalazioetan.
Albiste hau Aiaraldeak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Txabi Alvarado Beñaresen jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.