Azken lan istripu hilgarriaren aurrean "egia osoa" eskatu diote Zorrozari

Erredakzioa 2020ko ots. 27a, 09:07

100 lagun inguru mobilizatu dira Amurrion, azken lan heriotza salatzeko. / @AiaraldeaGreba

Ehunka lagun bildu dituzte Zorroza Gestion de Residuos enpresan gertatutako lan heriotza salatzeko mobilizazioek. Murgako lantegiaren barruan bizi diren lan baldintzak salatu dituzte: 10 orduko lanaldiak eta tratu txarrak, besteak beste.

Astelehenean langile bat hil zen Murgako Zorroza Gestion de Residuos enpresan, lan istripu baten ondorioz. Heriotza salatzeko hainbat mobilizazio egin dira asteazkenean: goizean, gehiengo sindikalak enpresaren atariraino eraman du salaketa; arratsaldean, ordea, Aiaraldeko Greba Batzordeak manifestazioa deitu du Amurrion.

Urte hasieratik, 14 langile hil dira lan istripuz Euskal Herria; horietako lau Araban hil dira. Gainera, bi langilek Zaldibarko zabortegian lurperatuta jarraitzen dute.

Lan istripu hilgarriek bereziki kolpatu dute Aiaraldea azken aldian. Izan ere, eskualdeko lau langile zendu dira azken zortzi hilabeteetan: Laudioko Tubacex lantengian izan zen lehenengoa; hurrengoa Amurrion, talde bereko fabrikan; ondoren, Galdakaon hildako Aitor Molero laudioarra; eta azkena, atzo, Murgako Industriagunean, Zorroza Gestion de Residuos enpresan.

Asteleheneko lan istripuan, antza, lau metroko altueratik erori zen behargina. Gurutzetako ospitalera eraman zuten, baina zaurien ondorioz bertan zendu zen.

 

Bideoa: Txabi Alvarado Bañares / Aiaraldea Gaur

Lan baldintzak

LAB sindikatuak Murgako lantegiaren barruan bizi diren lan baldintzak salatu ditu, ohar batean. Sindikatuaren arabera, egunero 10 ordu lan egitera derrigortzen dituzte Zorrozako langileak, eta enpresak ez dizkie langileei beharrezkoak diren babesteko ekipamendu guztiak ematen.

"Soldatak baxuak" eta "lan erritmoak oso altuak" direla gaineratu du LABek. Horrez gain, fitxatzeko sistemarik ez dagoela, instalazioen garbitasuna desegokia dela, eta laneko arriskuen prebentzioaren arloan langileek inolako prestakuntzarik jasotzen ez dutela salatu du sindikatuak.

Langileek enpresako gerentziaren hitzezko tratu txarrak jasotzen dituztela ere salatu dute; are gehiago, LAB sindikatuaren arabera, eraso fisiko bat ere jazo da enpresan.

Bideoa: Txabi Alvarado Bañares / Aiaraldea Gaur

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago