Berriz irekiko dute Artziniega Museoa

Erabiltzailearen aurpegia Txabi Alvarado Bañares 2019ko ots. 26a, 09:39

Artziniegako museoa zabalduko dute berriro. JOSEBA VIVANCO

Oraindik ez dakite zehazki noizko egongo den irekita, lehenago gida zerbitzua esleitu behar dutelako, baina 15 egunen buruan egin ahal izatea aurreikusi dute Artea etnografia elkarteko kideek.

Arabako Foru Aldundiko ordezkariekin bildu zen astelehenean goizean Artea etnografia elkartea, Artziniega Museoaren irekiera bermatzeko finantziazio akordioaren inguruan hitz egiteko. Plan horren arabera, Aldundiak 35.000 euroko laguntza emango dio elkarteari museoa kudeatzeko. Beste horrenbeste jarriko du Eusko Jaurlaritzak. Udala, bere aldetik, faltako litzatekeen dirua jartzera konprometitu da, egoerak hala eskatuz gero.

Gauzak hala, museoa berriz ireki ahalko dutela jakinarazi dute Artea etnografia elkarteko kideek. “Oraindik ez dakigu zehazki noiz ireki ahalko dugun, prozedura legal batzuk bete behar direlako”, adierazi du Mateo Lafraguak. Arteako kideak azaldu du gida zerbitzua kontratatu behar dutela, eta horretarako hiru enpresari eskatu behar dizkietela aurrekontuak. “Behin aurrekontuak aztertuta esleituko dugu zerbitzua. Espero dugu hemendik 15 egunera museoa irekita egon ahal izatea, lehenago ahal baldin bada hobe”.

Prozesua, baina, ez da museoaren irekierarekin amaituko. Proiektuaren bideragarritasun plana ere garatu nahi dute Aldundiak, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Artea etnografia elkartearekin.

Mobilizazioen indarra
Urte hasieran erabaki zuen Artea etnografia elkarteak museoa ixtea, proiektua kudeatzeko finantziazioa bermatua ez zegoelako.Orduz geroztik ekintza ugari egin dira herrian museoa irekitzearen alde. Artziniega Museoa bizirik! Plataforma sortu zuen herritar talde batek, eta mila sinadura baino gehiago bildu zituzten egun gutxitan. Horrez gain, hainbat elkarretaratze jendetsu egin dituzte udaletxearen aurrean.

Albiste hau Aiaralde.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago