Artziniega Museoa itxi dute, “finantziazio faltagatik”

Erabiltzailearen aurpegia Txabi Alvarado Bañares 2019ko urt. 3a, 12:02

Itxita dago Artziniega Museoa. Egilea: Joseba Vivanco.

Artea etnografia elkarteko kideek adierazi dute Udalari jakinarazi ziotela museoa itxiko zutela gida zerbitzua ordaintzeko finantziazioa bermatua ez bazegoen.

Itxi egin dute Artziniega Museoa, "finantziazio faltagatik". Hala adierazi dute Artea etnografia elkarteko kideek. "Iazko otsailetik daramagu Udalarekin negoziatzen, baina ez dugu emaitza onik lortu", azaldu du Mateo Lafraguak. "Proposamen andana egon da. Akordioa lortu genuen, baina egun batetik bestera Udalak atzera egin zuen".

Elkarteko kideak adierazi duenez, Udalak bazuen museoa itxiko zenaren berri. "Gida zerbitzuak 2019. urtean zenbat balioko zuen helarazi genion tokiko erakundeari eta azaldu genion abenduaren 28rako finantziazioa bermatua ez bagenuen ezingo genuela museoa ireki". Lafraguaren aburuz, gida zerbitzua elkarteko kideen gain geratzea da Udalaren proposamena.

Elkartearen aldarria, aldiz, honakoa da: Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzek huts egiten badute, Udalaren esku geratzea museoa irekitzeko beharrezko finantziazioa ematearen ardura. Azken urtean bilera eta negoziazio asko egin dituzte udalaren, oposizioko alderdi politikoen eta elkarteko kideen artean, baina ez dute akordiorik erdietsi.

Bilera urtarrilaren 10ean
Artea elkarteko kideekin jarri da harremanetan Udala. Datorren urtarrilaren 10ean bilduko dira bi aldeak gaiaren inguruan hitz egiteko. "68.000 eurokoa da gida zerbitzuaren 2019rako aurrekontua. Zerbitzua aztertu eta dauden aukerak ikusi behar ditugu lehenbizi, erabaki bat hartu baino lehen", azaldu du Iñigo Gomez alkateak.

Museoa irekita mantentzeko asmoa dutela ziurtatu du udal gobernu buruak, "baina behin betiko kudeaketa eredu batekin". Gomezen esanetan, Udalak hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean. "Museoko piezak Udalaren esku geratzea da horietako bat". Etnografia elkarteak, baina, ezezkoa eman zion proposamen horri. "Ezin dugu hori onartu, elkartearena baita ondare hori guztia kudeatzearen ardura", azaldu du Lafraguak.

Fundazio bat sortzea da planteatu den beste soluzioetako bat. Udala eta elkartea egongo lirateke ordezkatuak entitate berri horretan. "Hala ere, guk argi dugu kasu horretan Udalak gehiengoa izan beharko lukeela patronatuan", nabarmendu du Gomezek. Alkatearen hitzetan, Udalaren planteamenduarekin museoaren kudeaketa "oraingoa baino publikoagoa" izango litzateke. "Uste dugu akordioa adostu dezakegula".

EH Bilduk, bere aldetik, udal gobernuaren jarrera kritikatu du. "EAJren jarrera oztopatzaileak PP eta EH Bilduren artean salaketa testua adostera eraman gintuen uztailean. Orain, duela sei hilabete iragarri genuena bete da", erantsi du Joseba Vivanco zinegotziak, "era berean, kontuan izan behar da gida zerbitzuan herriko hainbat bizilagunek lan egiten dutela".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago