Laudion ospatuko dute Euskaraldiaren amaiera jaia abenduaren 2an

Erabiltzailearen aurpegia Aimar Gutierrez 2018ko abe. 1a, 13:27

Aiaraldeko euskaldunak elkartuko dira aurten Laudion, duela bi urte Amurrion eta iaz Urduñan egin bezala. AIARALDEA.EUS

Euskaraldiari amaiera eman eta Euskararen Nazioarteko Eguna festa erraldoi batekin ospatuko dute aiaraldearrek Laudion.

Egun osoko egitaraua antolatu du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak Laudion. Festa erraldoi batekin esango diote agur gaur (ostirala) abian jarriko den Euskaraldiari. Milaka Ahobizi eta Belarriprest elkartuko dira Laudioko Plazan euskaraz bizitako 11 egunak borobiltzeko.

Zutabeak herrietatik
Aiaraldeko hainbat txokotako herritarrak zutabeetan gerturatuko dira jaialdiaren epizentro izango den Laudioko Herriko plazara. Zutabeetara batzeko hitzordua 10:15ean jarri dute.

Lau zutabe egongo dira guztira. Olarte zutabea Gardeako tren geltokian elkartuko da eta Urduña, Luiaondo eta Gardeako herritarrak elkartuko ditu bertan. Laudioko herritarren zutabea Larra zutabea izango da eta Latiorroko zentroen plazatik abiatuko da Herriko plazara. Okondo, Artziniega, Aiara eta Ugarte auzoko herritarrek Ugarteko plazan dute zita, Goienuri zutabean elkarturik jaitsiko dira jai guneraino. Azkenik Areta zutabea Aretako Kultur Etxetik abiatuko da, bertan Arrankudiaga-Zollo, Arakaldo, Orozko eta Aretako herritarrek parte hartuko dute. Zutabe guztiak 11:00etan abiatuko dira.

Albiste hau Aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago