Alfredo Remirez urtebete espetxeratu nahi du Auzitegi Nazionalak

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2017ko mai. 22a, 12:29

Alfredo Remirez/ Irudia: aiaraldea.eus

Espainiako Auzitegi Nazionalak urte bateko espetxealdia ezarri nahi dio @erreharria txiolari amurrioarrari. Haren abokatuak azaldu duenez, 2009an jasotako zigorra betearazi nahi dio, 2017ko zigorra baliatuta.

Urtebeteko kartzelaratze eskaera jaso du Alfredo Remirezek, @erreharria txiolari amurrioarrak. Bere abokatuaren esanetan, Madrilgo epaitegiak urtebetez sartu nahi du kartzelan.

Epaitegiko 1. Sekzioaren arabera, duela aste batzuk zigortu zuten 2012an, 2013an eta 2014an terrorismoa goratzeagatik. Argudio horiek ahalbidetu lezakete 2009ko zigorra indarrean sartzea. Izan ere, 2009an epaileek urtebetez kondenatu zuten delitu bera egotzita, Amurrioko txupinazoan preso baten irudia erakusteagatik.

Espetxealdia bertan behera geratu zen -2 urte baino gutxiagokoa zelako- eta 5 urtez utzi zuten baldintzapeko askatasunean. 2017an berriro epaitu dute sare sozialetan terrorismoa goratzeagatik. Alabaina, delituak 2012an, 2013an eta 2014an bete zirenez, Auzitegi Nazionalaren iritziz, hautsi egin dira 2009ko zigorra bertan behera uzteko baldintzak.

Helegitea

Alfredo Remirezen abokatuak 3 egun izango ditu helegitea aurkezteko. Hala ere, legegileak uste du jurisprudentzia ugari dagoela Auzitegi Nazionalaren erabakiaren aurka.

"Legearen oso interpretazio zurruna egin dute, aditu askok adierazi dute epaiarena dela aintzat hartu behar den data, eta ez delituena. Hortaz, Alfredoren kasuan 2017an izan da epaia eta 5 urteko zigor etenaldia gaindituta zegoen", adierazi dio Aiaraldea hedabideari.

Jazarpena

Egoeraren aurrean, Auzitegi Nazionalaren jokaera salatu du Remirezek, "Ez nau bakean utzi nahi". Jasaten ari den jazarpena dela-eta, iragarri du mobilizazio deialdiak egongo direla.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago