Klasean Sokratesen eta sofisten arteko eztabaidez ari ginen, urriko euriak jolastokiko sagarrondoak zipriztintzen zituen bitartean. Sokratesen arabera, egia gizakiaren baitan dago, ez zentzu subjektiboan, unibertsalean baizik. Gizaki garen heinean, ongiaren, justiziaren eta edertasunaren ezagutza dugu arimaren sakonean. Sofistentzat, aldiz, gizakia gauza guztien neurria da eta, beraz, ez dago ongi, justizia edo edertasun unibertsalik: dena da erlatiboa. Haiek bezeroei hitzaren artea irakasten zieten, entzuleak limurtu eta arrakasta lortzeko.
Egiaren eta ezagutzaren auzia mendebaldeko pentsamenduaren historia zeharkatzen duen kezketako bat da. Eztabaida horietara gerturatzen garen aldiro, ordea, ideien mundu abstraktuan harrapatuta geratzeko arriskua dugula iruditzen zait.
Eskolatik irten, aparkalekuko putzuak zeharkatu, autoan sartu eta etxerako bidean jarri nintzen, klaseko solasaldia gogoan. Kristaleko eskuilak batera eta bestera zebiltzan, eta nire pentsamenduak ere hala zebiltzan. Egia, justizia... ideia absolutuak dira ala ikuspuntuaren araberakoak?
Hiriko irteeran, hesi batean, pankarta handi bat ikusi nuen zintzilik. EGIA KERMANENTZAT, hizki larriz idatzita. Egia eta Kermanen izena bata bestearen atzetik irakurtzean, egia argitzeko eskaera abstrakzio filosofiko bat ez dela otu zitzaidan. Egia Kermanentzat gizatasunarekin lotzen gaituen aldarria da; horren konkretua eta horren unibertsala aldi berean.
Urria da. Egia ere urria da egiostearen garaian. Halere, inpunitateari aurre egiteko prest dagoen gizarteak egiaren eta duintasunaren alde egiteko tresnak izango ditu. Neguari eusteko ezinbestekoa.
Oihana Ameskua.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.