Guztiaz iritzi irmoa izatea modan dagoen honetan, nik ez dakit zer esan. Asteak daramatzat lerro hauetarako gaiaren bila, baina azkarregi zeharkatzen dute esaldiek nire burmuina gauetan lorik egin ezin dudanean eta nahaspilatu zaizkit denak. Mataza bilakatu eta orain ez dakit zein hariri tira egin.
Asteak daramatzat zer esan ez dakidala.
Etxebizitzaren inguruan sortutako aldarrikapenez eta azaroaren 11rako egin den greba deialdiaz hitz egitea litzateke logikoena, ezta? Beharbada, baina ez dizuet horretaz hitz egingo, bada horretaz askoz hobeto hitz egin eta egingo duenik. Ezjakintasunak bete dit eztarria.
Gazako sarraskiaren inguruan eta nola ari diren guztion begien aurrean gosez hiltzen estatu askok dirua defentsara bideratzea erabaki dutelako? Ez, ez, horretaz ez. Lotsak kendu dit ezer esateko eskubidea. Munduko hainbat txoko amesgaizto bilakatzen dituzten gerrak izan daitezke zutabe honen gaia; Kongo, Sudan, Ukraina, Yemen, Siria, Sahel, Haiti, Afganistan, Iran… Amaiezina bilakatu zait zerrenda. Ez, ezin honi heldu. Beldurrak estutu dizkit esaldiak.
Asteak daramatzat zer esan ez dakidala.
Itsasoak irensten dituen gorpuak, sorterrian ezin bizi eta promesaz beteriko lurraldeetara iristeko itxaropenez hiltzen diren izen propioak. Nola, baina? Ezin, erruduntasunak lotu dizkit eskuak. Aurreko astean 4 mutil atxilotu zituzten Gasteizen bi emakumeri egindako sexu-erasoengatik. Horretaz hitz egin nezake, emakumeok emakume izate hutsagatik, existitzeagatik, espazio publikoan egoteagatik pairatzen dugun biolentziaz, forma ugari dituen biolentziaz… Baina ez, amorruak betetzen dit gorputza eta ezin dut min hori guztia hitzetan jarri.
Asteak daramatzat zer esan ez dakidala.
Adimen artifiziala, ur eskasia, pornografia, sistema jasanezina, ustelkeria, suizidioak, prostituzioa, adingabeen babesgabetasuna, pentsamenduak moldatzen dizkigun algoritmoa, ados jartzen ez diren politikariak, sinesten ez duen herria, itxaropenik gabeko gazteria. Hauek eta beste batzuk, denak korapilatuta bularraldean. Handiegi geratu zait errealitatea, eta ez dut horretaz hitz egin nahi!
Nahiago goizero leihoaren beste aldean dagoen zuhaitzetik esnatzen nauen txantxangorriari buruz aritu, inozoegia agian, baina bere kantuak handiegi geratu zaidan munduan gauza txikietan fokua jartzen laguntzen dit, eta hor, txikitasunean, aurkitzen dut nik handitasunaren kontra eraikitzeko indarra.
Bada oraindik kantatzen duen txoririk. Bada leiho bat, non goizero argia sartzen den. Eta bada txikitasun horretan, munduari uko egin gabe arnasa hartzeko zirrikitu bat.
Agian, ez da gutxi.
Agian badakit zer esan, eta hori ez da gutxi.
Josune Garcia de Bikuña.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.