Iritzia

Ateak

Erabiltzailearen aurpegia Josune Garcia de Bikuña

"Badira galdera asko pizten dituzten ateak; zalantza, ezinegona sorrarazten dizkigutenak"

Atearen beste aldean dagoenaren araberakoa izaten da hura irekitzeko gogoa. Badira ondo ezagutzen ditugunak, sorpresa handirik gordetzen ez dutenak, eta gehiegi pentsatu gabe zeharkatzen ditugunak. Hala ere, horietako batzuen aurrean, ezagunak izateagatik beharbada, arnasa sakon hartu behar izaten dugu heldulekua oratu eta aurrera egiteko. Hori ere esan beharra dago, egun batzuetan egurrezkoak baino, burdin pisutsuz egindako harresiak diruditela.

Badira, ordea, galdera asko pizten dituzten ateak; zalantza, ezinegona eta jakin-mina sorrarazten dizkigutenak. Azken urteotan, horiek zabaltzera ausartu naiz. Tira, denak ez; bakoitzaren atzean dagoen bidea egiteko denbora behar baitut. Edonola ere, atalase horietako batek ipuinen eta istorioen unibertsora eraman ninduen, kontalaritzaren ofizioa maitatzera. Eta nork esango zidan, gainera, leihoak, balkoiak, terrazak eta zubiak aurkituko nituela mugaz haratago?

Aguraingo Zapatari kaleko 1. zenbakian arbasoen istorioen zirrikituetan gordetako gorabeherak topatu ditut. Zenbakirik gabeko Otaza auzoko sorgingunekoak, berriz, pertsona eder eta jakintsuez bete dizkit bide bazterrak. San Martin kaleko 8.ean topatutako liburuek fikzioz, autobiografiaz zein irudiz jantzi dituzte etxeko apalak.

Azal-hezurren artean giltzaz itxirik zegoenik ere ireki dut, sekretu eta minak gordetzen dituzten horietakoak, eta hautsak astindu ditut, bazterretan pilatzen diren bolatxoak gehiago handitu ez daitezen, behintzat.

Gaur ere ate bat ireki dut. Edo ALEAko lagunek ireki didazue, ez dakit. Edonola ere, badakit haren atzean erronka handia dagoela: zuekin batera egingo dudan bidea.

Agian horixe da gauzarik ederrena: zain daukazuna zer den ez jakitea eta, hala ere, beldurrez bada ere, heldulekua jiratu eta salto egitea. 

Josune Garcia de Bikuña.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago