iritzia-heredia-harri

Betikokeriak

Erabiltzailearen aurpegia Harri Diaz de Heredia

"Eskubideak eta jabetzak talkan direnean, langile klasea beti ondorio gordinenak pairatzen"

Zer esan. Ezinezkoa da zeresana topatzea azken boladako berri guztien gordintasuna ikusita. Iruzkin guztiak begi bistakoak direnean, ezgauza da ezer azpimarratzea. Norberak soinean darama honek denak suposatzen duen drama. Gasteiztik eta Donostiara, etxebizitzaren auzia erdigunean eta greba orokorra ortzemugan. Galdera bat sortzen da, dena den, zurrunbilo honen begian. Zerk egiten du etxe bat etxe?

Baten batek, arinki, esango luke: "Etxe bat lau horma dira, altxatuta. Are gehiago, estalki bat hotzetik eta euritik babesten zaituena. Otsoetatik, munstroetatik. Ate bat da etxe bat, kanpoan eta barruan dauden unibertsoek talka egiten duten une hori. Leiho bat da etxe bat, bi beirarekin. Hiru, lau. Zazpi".

Inork, ordea, ikuspegi filosofiko batekin jaurtiko luke: "Etxe bat zera da, beheko su bat. Espazioak berotzen dituen hura, sukalde bat. Zaintzarako espazio bat. Etxe bat osatzen dute bertan bizi direnek, familiak. Lagunek, komunitateak. Sare bat azken finean".

Arazo errealegien aurrean dibagazioa eman dezake; aitzitik, definizio zehatzik gabe, ezinezkoa da xedatzea egiazki garrantzitsua dena. Nork daukan etxe batean egoteko zilegitasuna. Nork daukan hura bizitzeko eskubidea.

Euskarak ez ditu ezberdintzen etxe-casa eta etxe-hogar, beste zenbait hizkuntzek ez bezala. Akaso jakina delako ezin daitekeela bata bestetik banatu eta ezin dela mintzo hauetaz bi kontzeptu independente bailiran. Ezin den moduan atera, ez dago eztabaidarako tarterik, herrestaka familia bat bere bizitzatik.

Eskubideak eta jabetzak talkan daudenean, langile klasea beti ondorio gordinenak pairatzen. Antolatu eta ongietorria eginen du poliziak, legea ezkerreko eskuan eta borra eskumakoan. Betikoak babesteko foam pilotak, betikoak babesteko betikoa, betikoak betikokerietan.

Bitartean, begira ezazu leihotik kanpora, bertan baitaude txoritzarrak zirkuluetan hegan, ibilbidea konpasaz margotuta balegoan. Batzuk putre-funtsak dira eta beste zenbait inolako funtsik ez duten putreak. Elkarri ingelera dotorean esaten diote: "Houses, darling, will be for whoever pays the most". 

Harri Diaz de Heredia.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago