Askotan entzun izan dut, bizitzako etapa guztiak amaitzear ziren uneetan. DBH egiten ari nintzela, unibertsitatea hastear nengoela eta orain, ikasle izateari utziko diodala, berriro hasi naiz entzuten. Ez dira arropaz ari, zapatila tamaina bera izaten da hamasei urteetatik aurrera, beste guztiaz entzun izan dut txiki geratu zaiela.
Ingelesez aditza eta guzti daukate, outgrow, hazten ari zarela eta ingurua hertsitu egiten delako sentsazioa deskribitzeko. Lorontzi ñimiño batean dagoen zuhaitza bezala, sustraiak konprimituta eta itota, loratu nahian baina arrakasta eskasaz. Ulertzeko kontzeptu erraza da, baina bizi esperientzia kasik unibertsal hori ez da guztiz inozoa.
Ez dut mingotsa izan nahi, baina badu harroputzetik norbera zuhaitza delako pentsamenduak. Ez da kritika errotikoa, gazte gehienok sentitu izan dugu puntu batean edo bestean horrelakorik. Nork bere buruan potentzialitate sekulakoa ikustea kontu ederra da. Batzuetan, aldiz, badirudi ezin daitekeela aprobetxatu beste guztiei lehia egin ezean.
Mundu globalizatu batean, bat-bateko satisfakzioa lortu nahi denean, desiragarritzat aurkezten da bizitza kosmopolisean, mundu oso bat barne hartzen duen hirian, alegia. Den-dena ikus, bizi, ezagutu, eta batez ere eros daitekeen alegiazko toki horretan. Dopamina eta adrenalina zainetan, argi eta burrunba amaigabeak dituen atrezzoa.
Kontsumismoaren distopia, hori ez litzaioke inori txikiegi jazoko. Aitzitik, jende eta hiriaren ulerkera ezin materialistago batek sortzen du hori. Espazioak bereganatu eta hazkunderako tokitzat bezala bizitzeak, jaso daitekena xurgatuz. Zuhaitza hazi, zorua idortu, eta hurrengora jauzi egitea, akats bako plana. Eukaliptoa kostako baso denak fagozitatzen.
Antipodetan nire, zure, gure herri eta auzoak. Buruz ezagutzen ditugu bazter eta txoko guztiak, mantso aldatzen dira eta behartuta gaude haien erritmora hazten. Ez azkarrago, ez mantsoago. Zaharrean berriak bilatu eta pago tinkoa bihurtzearen aldeko apologia, ingurukoekin batera zahartzea ere bada erabaki politikoa.
Harri Diaz de Heredia.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.