Dagoeneko hiru urte dira Familia Laguna programa Gasteizko ikastetxeetan sartu zenetik, eta esperientzia oso polita izaten ari da. Gipuzkoako Elkarrekin Kooperatiba Txiki-ko lankideek Ongi Etorri Eskolara programaren bertsio txiki bat sortu eta Gasteizera ekarri zuten; hezkuntza eta komunitate esparruan garatzen den kulturarteko familia akonpainamendu programa, beste herrialde batzuetatik etorri berriak diren familiak adin bereko seme-alabak dituzten familia euskaldunekin harremanetan jarri eta elkartzen dituena.
Adsis Fundazioko kideek daramate proiektua Araban, eta Gasteizko hiru ikastetxeetan dabiltza lanean: Adurtza ikastola (hurrengo kurtsoko Olarizu auzo eskola), Ramon Bajo eskola eta Arantzabela ikastolan ere hasiak dira.
Aurrekoan, Izaskun Arrue Kulturgunean eman zitzaion amaiera 2025-2026 kurtsoari eskertza ekitaldiarekin. Kurtso osoko programaren agurra izan zen, Boniface Ofogo ipuin kontalari kamerundarraren ikuskizun batekin eta sorpresa askorekin. Lehen bi eskoletako 26 familiek hartu dute parte oraingoan, erdia jatorriko migratuko familiak izan dira (hainbat jatorri desberdinetako familiek parte hartu dute: Senegal, Nigeria, Venezuela, Kolonbia, Argelia, Maroko eta Haiti) eta beste erdia, Gasteizen errotutakoak. Kurtso osoan zehar egindako lan, topaketa eta ekintza desberdinei esker oso harreman politak sortu dira gainontzeko familia eta pertsonentzat eredu izango direnak, bai eskola barruan, bai eskolatik kanpo, komunitatean ere.Horrelako familiekin Gasteiz justu eta anitzago bat sortzeko bidea errazagoa izango delako.
Udako deskantsuaren ostean, berriz ere, bueltan izango da programa eskoletan, erronka eta familia berriekin bidea jarraitzeko asmotan.
Arabako 'Familia Laguna' programako kideak.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.