Euskal Herrira iritsi berri diren familientzat arrotzak izan daitezke lehenengo pausoak. Hizkuntzek, ohitura berriek, haurren eskolaratzeak edota eguneroko jarduerek zama dakarte, eta horiek arintzeko asmoarekin dator Familia Laguna programa. Babesa eskaini, familiei oinarrizko baliabideak eskuratzeko informazioa eta aholkularitza eman, eta, aldi berean, kultura desberdinen arteko zubi lana egin nahi du Adsis fundaziotik koordinatzen duten egitasmoak, tokiko eta iritsi berri diren familiak elkartuta. Gasteizko Adurtza ikastola lehendabizikoa izan da Araban proposamen horri heltzen, eta dagoeneko nabari dute familien arteko hartu-emanak sendotu direla, eta aukera berriak ekarri dizkiela denei; irakasle, ikasle eta familiei.
Guztien argazkiekin osatutako zuhaitza prestatu dute azkeneko saioan. Amaia Campillo eta Scarleth Beauperthuy ikastolako amak ere ageri dira bertan, euren familiekin, programan parte hartzea erabaki baitzuten ikasturte hasieran. 2023an heldu zen Venezuelatik Beauperthuy, 2024ko irailean hasi zen alaba ikastolan, eta Familia Laguna egitasmoa bide hori zertxobait samurtzeko baliagarri izan dela aitortu du: "Aurkezpen bilera bat izan zen, eta parte hartzea erabaki nuen. Kultura ezagutzeko aukera eman digu, bidea ireki digu, eta ez tokiko kulturara bakarrik". Gasteizko Campillori ere gustatu zitzaion beste familietara gerturatzeko proposamena, eta prozesu aberasgarria izaten ari dela kontatu du: "Beste modu batean askotan zaila izaten da konektatzea, eta hau aitzakia izan da lehenengo pauso hori emateko. Oso polita da proiektua, eta beharrezkoa ere badela esango nuke".
Bi familiak elkartu ditu proiektuak, irudikatutako zuhaitzetako adarrek ondo erakusten dutenez, eta elkarrekin zenbait hitzordu izan dituzte, talde osoarentzako antolatzen dituzten saioekin batera. Artiumen ikuskizun bat, futbol partidu bat edo Olarizutik mendi buelta. Edozein izan daiteke familiak elkartzeko plan on bat. Elkarrekin, gainera, gastronomikoa izan zuten lehen hitzordua. Familia bakoitzak plater bat prestatu zuen, eta ez ziren falta izan tortilla patata, enpanada, quichea edo oilasko pastela, familien arteko lehendabiziko solasaldi horietarako. "Nola zen beste hura? Olivada? Izen arraroak zituzten denek! Uste dut nirea zela errazena: fruta entsalada, kar-kar", gogoratu du Beauperthuyk. Izan ere, jatorri askotariko familiak daude ikastolan, eta Maroko, Pakistan, Venezuela, Argentina edo Gineako Errepublikako plater festa izan zuten.
Ikasturtean zehar guztien arteko sei bat topaketa izaten dituztela azaldu du Jaione Martinez Familia Laguneko koordinatzaileak. Aurkezpena eta familientzako formazioarekin batera, familiek eskura nolako baliabideak dituzten ikasteko saioa ere badute. Auzokide elkarteak, guraso elkarteak, gizarte etxeetako langileak eta bestelako eragileak ere batu ohi dituzte bilera hauetara. "Kulturartekotasunaz gainera, familiek beste baliabide batzuen inguruko informazioa izatea ere interesgarria zela uste genuen; guraso elkarteetara nola batu edo auzoko liburutegiek eskaintzen dutena ezagutzeko, besteak beste".
"Haurrengan eragina nabariagoa da familia eta helduak sartzen direnean"
Jaione Martinez, Adsis Fundazioa
Familiei harrera egin eta kulturartekotasuna sustatzearekin batera, euskara ere bada ardatza programan. Euskarara eta euskal kulturara gerturatzeko lehen hurbilpen bat askorentzat. "Hizkuntzarena izan da pixkat... Uau! Beharbada talka handiena. Behin eta berriz errepikatuz geratzen da hitzen bat, baina oso zaila da. Hortxe ari naiz, alabarekin batera ikasten...", aipatu du Beauperthuyk. Eta, noski, horretan bidelagun du Campillo ere: "Nik animatu egiten dut. Eta uste dut hau badela euskarara gerturatzeko modu bat, eguneroko beste hainbat harremanetan ziurrenik ez duelako euskararekin lotura izango. Bere alabari beti egiten diot euskaraz".
Klase berean dira alabak, lagun onak dagoeneko, eta aurrerantzean ere elkarrekin planak modu naturalean aterako direla uste dute amek. "Jatorri ezberdineko familien umeak ere badaude Lur eta Peruren gelan, eta tratua daukat haiekin, baina egia da agian halako planik ez dudala egin beraiekin", gogoratu du Campillok. "Niri gertutasuna eman dit proiektu honek, horretarako balio izan dit; egunerokoan behar izanez gero bestearen haurra eskolatik jasotzeko, bestearen zalantzak argitzeko, edozertarako prest...". Baina eguneroko gauza praktikoekin laguntzearekin batera, harago doa programa, haren ustez. "Gure aurrean genuen, baina beharbada beste bultzada bat behar genuen. Atea ireki digu kultura desberdinetara".
Haurrengan eragina
Balorazioak egiteko goiz da oraindik, Araban hilabete gutxi batzuk baino ez daramatzalako egitasmoak, baina pozik daude emaitzarekin, eta bereziki txikiengan proiektu honek duen eragina dagoeneko sumatu du Martinezek. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan hainbat lan egin izan dituzte orain arte Adsis fundazioan, baina Familia Laguna proiektuak bestelako indar bat erakutsi diela azaldu du. "Konturatu gara ingurunearekin lan egiterakoan, haurrengan eragin askoz ere handiagoa duela; klasean sentsibilizazioa oso ongi dago, beharrezkoa da, baina familia eta helduak inguru horretan sartzen direnean areagotu egiten da eragin hori".
Adurtza ikastolan hasi dute ikasturte honetan, eta hurrengo urtean ere jarraitzeko asmotan, baina beste ikastetxe batzuetan ere prestatzen hasi dira Familia Laguna programa txertatzeko. Ramon Bajo ikastetxean harrera plana lantzen ari dira, esaterako, Martinezek azaldu duenez. Diagnostikoa egin, etorri berriekin zentroak egin ditzakeen lehenengo pausoen jarraibideak eman, eta irakasleei formazioa eskaintzen hasi dira. Irailetik aurrera ekingo diote bigarren faseari, familiekin batera. "Batez ere, begirada interkulturala zabaltzea da gure helburua, baita irakasleen artean ere, eta prozesuari adi jarraitzeko eskatzen diegu hauei, familiekin landutakoak ikasleengan zer nolako aldaketak eragin dituen ezagutzeko".
Azken batean, Familia Laguna elkar laguntzeko proiektua dela azpimarratu du Martinezek, "norabide guztietan", joera "paternalista" gaindituta. "Kulturen artean dauden hesiak apurtu nahi ditu, alde guztietatik".
Kulturarteko ikuspegia zabaltzeko lanean
Gasteizko Adurtza ikastolan ikasturte honetan abian jarri badute ere, ibilbide luzea du Familia Laguna programak Euskal Herrira iritsi berri direnen eskola, gizarte eta komunitate integrazioa errazteko baliabide gisa. Elkarrekin kooperatibak hamarkada bat darama proiektu honen gidaritzan Gipuzkoan, eta dagoeneko 200 familia ditu, 18 ikastetxetan banatuta.
Garazi Zarautz eta Lola Guigo elkarteko koordinatzaileek azaldu dutenez, urte hauetan Familia Laguna martxan jartzeak agerian utzi du ikastetxeek kulturarteko ikuspegia txertatu behar dutela, "hezkuntza komunitate inklusiboa lortzeko”. Euren ustez, programaren emaitza positiboek agerian utzi dute kulturarteko bizikidetza hobea dagoela eskola komunitatean, baita iritsi berriak diren familien egokitzapenean ere, bai ikastetxera bai bizi diren udalerrira. Euren esanetan, "jarrera arrazisten prebentzio handiagoa dago", eta ikasle berriek "euskararekiko motibazio handiagoa" dute.
Beste herrialde batzuetatik eskolara iritsi berri diren familiei harrera egokia egitea da programaren ardatz nagusia. Harrera komunitatearen kultura, funtzionamendua eta hizkuntza ezagutzeko aukerak eskaintzea, familien laguntzaren bitartez. Eta, azken batean, kultura trukerako espazioak eskaintzea, tokiko kultura eta beste kulturak balioesteko. Era berean, tokiko biztanleria eta elkarte mugimenduak bere ekintzetan kulturarteko ikuspegia barneratzearen garrantziaz sentsibilizatzeko tresna izan nahi du.
Adurtzakoarekin batera, Irungo Dunboa ikastetxea izan da berriki Familia Laguna programara batu denetako bat. "Zalantzarik gabe, zuen ikasleek oinarriak dituzte etorkizunean pertsona toleranteagoak, errespetuzkoagoak eta harrerarako irekiagoak izateko", esan zion Nerea Melgosa sailburuak Julen Urkia Dunboa ikastetxeko zuzendariari, 2024an egitasmoarekin bat egitearekin batera. Eta Migraziorako Euskal Itun Soziala eta haren leloa aipatu zituen. "Funtsean, gure ekintzekin, behin eta berriz errepikatzen dugu Itunaren leloa: jaso nahi genukeena eskaintzea. Zer nahi genuke jaso pertsona migratzaile baten azalean bageunde?". Eta berak eman erantzuna: "Seguruenik, hau, Familia Laguna bezalako programak: Lagunak".