Iritzia

Taupadaren punpa

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bilbao 2026ko ekainaren 13a

Argazkia: INMA GARTZIA/ AIARALDEA ATARIA

"Inoiz baino beharrezkoagoa da bihotza (ber)pizteko taupadak eragiteko punpak sortzea"

Xalbadorrek aspaldi esan bezala, herria da gorputza eta hizkuntza bihotza. Hartara, ez dago Euskal Herria ulertzerik euskaratik ez bada. Halere, bihotzak gorputza martxan jarriko badu, taupadak behar ditu. Hau da, euskara biziko bada, hiztunak, espazioak eta tresnak beharko ditu; bihotzari taupadak eragingo dizkioten punpak.

Amurrion, Araban zein Euskal Herrian ezin da euskararen berreskurapen prozesua ulertu Aresketak eta gainerako ikastolek egindako ekarpenik gabe. Azken hamarkadotan bihotzari taupadak eragiteko punpak sortu ditugu. Horrela, euskal hiztun aktibo eta kontzienteak ez ezik, beste balore batzuetan ardaztutako herri bat eraikitzeko herritarrak ere sortzea izan dugu helburu, herri justuagoa, berdinzaleagoa eta kooperatiboagoa ipar.

Eta hori guztia ehunka ameslariri esker izan da. 1977an Aresketa abian jarri zuten ameslari haiek bezalakoak. Mende erdi beranduago, harrotasunez begiratuko diote orduko amets hartatik sortutako hezkuntza proiektuari, bai hamarkadotan zehar ikastolari esker sortutako punpa guztiei ere, hain zuzen ere, Euskal Herriaren gorputza mugiarazi duen bihotzari taupadak sortzen lagundu duten punpak. Are, orduko ameslariak sinetsita egongo dira, urteek aurrera egin arren, Mendiko Lagunak taldeko aretoetan abian jarritako proiektuak beharrezkoa izaten jarraitzen duela.

"Oraindik ere beharrezkoa da Aresketa, oraindik ere beharrezkoa da Euskal Herri luze zabalean saretutako ikastolen mugimendua"

Tamalez, oro ez da urre. Azken hilabetotan Euskalgintzaren Kontseiluak behin eta berriz gogorarazi du euskarak pizkunde berria behar duela. Bidea egin dugu, baina egungo datuek kezkak sortzen dituzte, are gehiago hainbat eremutatik elikatzen ari den oldarraldiak ere. Ondorioz, inoiz baino beharrezkoagoa da bihotza (ber)pizteko taupadak eragiteko punpak sortzea. Amurriotik Tuterara, Balmasedatik Sohütara. Horrexegatik, hain zuzen, oraindik ere beharrezkoa da Aresketa, oraindik ere beharrezkoa da Euskal Herri luze zabalean saretutako ikastolen mugimendua.

Aurtengo Araba Euskarazeko abestiak dioen bezala: ez dezagun ahaztu zein den gure bidaia, batu ditzagun denok gogoa eta kuraia. Aresketak orduko ameslariek hasitako bideari jarraitu nahi dio, eta igandean guztion artean bulkada bat emango diogu ikastolaren proiektuari, guztion gogoa eta kuraia bertan islatuz.

(Ber)pizkundearen asteburua datorkigu, eta, beraz, larunbatean Iruñeko kaleak bete ditzagun, baita igandean Amurrio ere. Gutako bakoitza bihur bedi euskara berpiztuko duen taupadaren punpa. Horiek berpiztuko dute hizkuntza, gure herriaren bihotza.

Paul Bilbao, Armentia ikastolako zuzendaria.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago