Iritzia

Zortziak bat

Erabiltzailearen aurpegia Unai Mendizabal 2024ko eka. 13a, 11:57

2023ko Araba Euskaraz. Argazkia: ALEA

"Azken bi ekitaldietan martxan jarri dugun ereduari jarraipena emango diogu, auzolana eta elkarlana ardatz hartuta, eskuz esku, buruz buru"

Mugarik gabe eta mugaezin irudikatzen dugu gure hizkuntza. Mugarik gabe, ez bada ortzimuga, mugarriz mugarri, euskararentzako espazio zabalagok irekiz. Mugarik gabe, euskaraz hezi eta hazi nahi duten guztientzat. Euskal Herriaren hego-mendebaldeko bazterretik ari gara, bazter-herritik, euskarazko hatsa igorriz erdigunera. Baina erdigunean ere bagaude, eta indar zentripetua eragiten dugu, hegoaldeko nafarrak eta errioxarrak, baita etorri berriak ere erakarriz gurera. Mugaezin; horrela, mugagabean, dugu 2024ko Araba Euskarazen leloa. Su planetak eta Gar izarrak erakusten digute bidea, Lurretik 26 argi-urtera. Euskara unibertsala baita!

Ikastola guztiok batera, guztiok batuta. Arabako zortzi ikastolak elkarrekin aritu gara aurten ere Araba Euskaraz antolatzen. Azken bi ekitaldietan martxan jarri dugun ereduari jarraipena emango diogu, auzolana eta elkarlana ardatz hartuta, eskuz esku, buruz buru, gure jakintza elkarbanatuz, gure harremana aberastuz. Eta azken bi urteotan bezala, Gasteizko Olarizun ospatuko dugu ekainaren 16an 2024ko Araba Euskaraz. Lan asko izan dira elkarlanean kudeatu beharrekoak. Lan horiek guztiak, bistan da, samurrago egin dira ikastola guztiok batuta, eta denon artean koordinatuta. Ikastola guztion artean egin dugun auzolan honi esker, ikastolen proiektuak ezagutarazi eta bultzatu nahi ditugu. Baina, era berean, euskarari eta euskal kulturari agertoki handi bat eskaini nahi diegu. Guztion lana, guztion konpromisoa, ikastolen mugimenduarekiko, Arabarekiko, euskararekiko eta euskal kulturarekiko. Guztion lana eta esfortzua, ikastolen proiektuak aurrera ateratzeko. Urte honetako Araba Euskarazen antolaketarekin Oiongo San Bizente ikastola lagundu nahi dugu. San Bizente ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera ematearekin batera, Oionen eta Arabako Errioxan euskararen erabilera aldarrikatzeko eta bultzatzeko, eta erabilera eremuak zabaltzeko baliatuko dugu arabar euskaltzaleon jaia.

"Guztion lana, guztion konpromisoa, ikastolen mugimenduarekiko, Arabarekiko, euskararekiko eta euskal kulturarekiko"

1976. urtean sortua, ia mende erdi bat ari da San Bizente ikastola Oionen errotuta lanean. 0-16 urte bitarteko ikasleak hartzen ditu, eta uneotan 207 familiak, 301 ikaslek, 34 irakasle eta langilek osatutako komunitatea da ikastolarena. Funtsezko bi oinarrik ematen diote Oiongo San Bizente Ikastolari berezko nortasuna. Alde batetik, kooperatiba da, gurasoek antolatua, beren seme-alabei hezkuntza euskaldun eta kalitatezkoa eskaintzeko, kudeaketa demokratiko eta garden baten bitartez. Bestetik, kalitatezko zerbitzua eskaintzea da ikastolaren xedea. Bi ezaugarri horiek ematen diote San Bizente Ikastolari bere berezko nortasuna: Ikastetxe euskalduna, integratzailea, akonfesionala, hezkidetzagilea da, eta metodologia parte-hartzailea eta kudeaketa irekia eskaintzen dituena Oiongo eta inguruko familia guztientzat. Izan ere, inguruko herrietatik ere jasotzen ditu ikasleak, bai eta Errioxara bizitzera joandako zenbait familiaren seme-alabak eta zenbait ikasle nafar ere. San Bizente ikastolak harreman estua dauka Arabako beste zazpi ikastolekin, baina berezki, Arabar Errioxako beste bi ikastolekin, Bastida eta Assarekin. Hiruen artean lortu dute lau-bost hamarkadatan eskualde honetan euskaldun eta ia euskaldunak %4 izatetik, %40tik gora izatea. Ez da erraza izan eta oraindik ere zaila izaten jarraitzen du baina gure gogoa, borondatea eta grina ere mugaezinak dira. Duela berrogeita hamar urte, guraso, irakasle eta ikasle aitzindariek abiatutako ikastola mugimendua guztiz errotuta dago Arabar Errioxan. Eta gure gogo, borondate eta grina mugaezinarekin lortuko dugu Arabako Errioxa euskalduna, Euskal Herri euskaldunean.

Unai Mendizabal, Araba Euskaraz elkarteko lehendakaria.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago