Iritzia

Txosnetan parte hartzeko eskubidearen alde

Erabiltzailearen aurpegia Eli Irazu eta Ixone Santamaria - GKS eta Etxebizitza Sindikatua 2024ko mar. 21a, 13:00

Txosnen "betoaren" aurkako mobilizazioa, 2023an. Argazkia: @GKS_Gasteiz

"Utzikeria nagusitu da, bai eta gaiari dagokion seriotasunez heltzeko borondate falta ere. Arinkeria osoz ontzat eman dute milaka pertsona ordezkatzen dituen mugimendua txosnetatik kanpo uztea".

Joan den astean, Euskal Herri osoko 100 eragile inguruk, Mugimendu Sozialistak Bilboko eta Gasteizko txosnetan normaltasunez parte hartzeko eskubidea aldarrikatu zuten idazki baten bidez (Luberri Konpartsak, Bilbon, eta GKS eta Etxebizitza Sindikatuak, Gasteizen). Gutun hau auzia lurreratu eta azken hilabeteotako gertakarien berri eman asmoz idazten dugu.

"Gasteizen lau urte daramatzagu txosna batzordearen parte izan nahian. Aurtengoan, berriro ere, ukatu egin digute"

Idazkian azaltzen denez, bai GKSk, bai Etxebizitza Sindikatuak, eta baita Luberri Konpartsak ere, parte hartzeko irizpide formal guztiak betetzeaz gain, Euskal Herriko errealitatearen parte diren heinean, eskubide osoa dute jai guneetan parte hartzeko. Jai guneen izaera anitz eta parte hartzailea aldarrikatzen ditu, betiere ideologia baztertzaileak alboratuz. Amaitzeko, blokeo honek Mugimendu Sozialista ekonomikoki eta sozialki baztertzeko asmoa duela salatu egiten du, eta parte hartzea oztopatzeari uzteko dei egiten du.

Gasteizen lau urte daramatzagu txosna batzordearen parte izan nahian. Aurtengoan, berriro ere, ukatu egin digute. Azaro aldera, Txosna Batzordea batzen hasi zen garaian, idatziz helarazi genion gure elkarlanerako borondatea, bai eta beste eragileen ardura berdintasunean parte hartzeko prestutasuna ere. Egoera desblokeatzeko, betoa kendu eta gurekin hitz egitera deitu genuen. Batzordearen partetik, ordea, ez dugu erantzunik jaso; ez dugu elkarrizketarako inolako aukerarik izan. Motzean, utzikeria nagusitu da, bai eta gaiari dagokion seriotasunez heltzeko borondate falta ere. Arinkeria osoz ontzat eman dute milaka pertsona ordezkatzen dituen mugimendua txosnetatik kanpo uztea.

"Gehiengoek ez lukete eskumenik izan beharko eragileak arrazoirik gabe baztertzeko"

Txosnaguneak bezalako espazioek anitzak izan beharko lukete, printzipio amankomun gisa. Haien kudeaketa printzipio horri jarraiki eman beharko litzateke, eta gehiengoek ez lukete eskumenik izan beharko eragileak arrazoirik gabe baztertzeko. Bide horretan, herri mugimenduaren zati handi batek argi adierazi du erabat ulertezina dela bizi dugun egoera, eta esan beharra dago, eragile askok arrazoi ezberdinengatik sinatu ez duten arren, ia denek adierazi dutela kezka txosnetako betoaren harira, eta babesa adierazi diotela Mugimendu Sozialistari. Agerikoa da, beraz, GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak Gasteizko txosnagunean parte hartzeko zilegitasun osoa dutela.

Zenbat gehiago luzatu daiteke Gasteizen etxebizitza arazoari eta gazte langileen egoerari lan militantez aurre egiten dioten eragileoi txosnetan parte hartzea ukatzea? Horregatik, berriro ere, dei egiten diogu Txosna Batzordeari arduraz jokatu, elkarrizketarako bidea ireki eta betoa altxa dezan. Garaiz gaude gaiari dagokion seriotasunaz heldu eta konponbide bat emateko. Bada garaia kontu honi lur emateko.

Eli Irazu eta Ixone Santamaria, GKS eta Etxebizitza Sindikatuko kideak

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago