Gaur Israelgo enbaxadore den Maccabi Tel Aviv saskibaloi taldeak Baskoniaren aurka jokatuko du Gasteizen, eta, urtero bezala, BDZ Araba (Israelgo apartheid erregimenaren aurkako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak) eta Indar Baskonia taldeek ekintzak antolatuko dituzte.
"Sionismoak gure gizartean onarpen handia duenez, askori kosta egiten zaio GENOZIDIO bat egiten ari direla baieztatzea"
Gasteizen ongi etorriak ez direla jakin dezaten, pabiloian bost minutu berandu sartzeko eskatu da, baita kanpoko taldeak baloia duen bakoitzean "Genozidio" hitza oihukatzea eta Palestina edo Hegoafrikako banderekin sartzea ere (azken herrialde horrek Nazioarteko Justizia Auzitegian egindako salaketa txalotzeko). Izan ere, azken lau hilabeteetan 26.500 pertsonatik gora hil ditu Israelgo armadak, haien erdia haurrak direlarik.
Egoera hau ez da berria Palestinako herriarentzat. Duela 75 urte hasi zen haien aurkako garbiketa etnikoa edo Nakba. Hamarkadetan luzatzen ari da egoera hau, baina urritik hona palestinarren aurkako genozidioa areagotu egin da. Tamalez, sionismoak gure gizartean onarpen handia duenez, askori kosta egiten zaio GENOZIDIO bat egiten ari direla baieztatzea.
Maccabik, Israelgo estatu sionistak egiten duen moduan, bere arauak inposatu ohi ditu doan leku bakoitzean. Espero dut hauek ez daitezela Gasteizen beste behin ezarri eta Baskonia zaleok askatasunez adierazi ahal izatea gure ezinegona egoera honen aurrean.
Ez gaitezen egoera honen konplize izan eta salatu dezagun: ez da gerra bat, genozidio bat da! Aski da!
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.