Maccabiri boikot egitera deitu dute, Palestinako "genozidioa" salatzeko

Mikel Buruaga 2024ko urt. 29a, 13:20

Baskonia-Maccabi partidan talde israeldarrari arbuioa adieraztera deitu du BDZ mugimenduak. Bost minutu beranduago sartzea, "Genozidioa!" oihukatzea eta Palestina zein Hego Afrikako banderak eramatea eskatu dute.

Otsailaren 1ean, ostegunean, Tel Aviveko Maccabi Gasteizera itzuliko da, 20:30etik aurrera Baskoniaren aurkako Euroligako partida jokatzeko. 2023ko urriaren 7ko gertakarien ostean taldeak Buesa Arena pabiloira egingo duen lehenengo bisita izango da.

Horren aurrean, BDZ Araba plataformak prentsaurrekoa egin du astelehen honetan, Plaza Berrian, Gasteizko udaletxearen aurrean. Ohikoa denez, talde israeldarrari boikot egitera deitu dute, baina, oraingoan, azken hilabeteetan Israelek Palestinan gauzatutako sarraskiaren tamainak markatuko du hitzordua; izan ere, 26.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelgo Estatuaren erasoaldiak, tartean 13.000 ume inguru.

Baskoniako zaletuei eta, oro har, Gasteizko herritarrei hiru ekintza proposatu die BDZ mugimenduak, "partida normaltasunez joka ez dadin" eta Maccabiri arbuioa erakusteko: partida hasi ondorengo 5. minutura arte ez sartzea pabiloian, Israelek hildako pertsonekiko "dolua eta errespetua" adierazteko; Maccabiko jokalariek baloia esku artean duten bakoitzean, "Ge-no-zi-dioa!" oihukatzea; eta, azkenik, Palestina eta Hego Afrikako (Nazioarteko Justizia Epaitegian genozidioagatiko salaketa bultzatu duen herria) banderak erakustea.

Klubari, erakundeei eta prentsari eskaera

Bestalde, Baskonia klubari, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari, Arabako Foru Aldundiari eta Gasteizko Udalari protestak ahalbidetzeko bi eskakizun helarazi dizkie BDZ mugimenduak: alde batetik, ez ditzatela ezarri segurtasun protokoloak, eta pabiloi barrura "ikur legalak" sartzen utz dezatela, "Palestinarekiko elkartasuna adierazi nahi duen ororen adierazpen askatasun eskubidea errespetatzeko"; bestetik, ez ditzatela zigortu "zilegiak eta legalak" diren jokabideak eta ikurrak.

Gainera, Gasteizko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoei eskatu diete "ez dezatela normaltasunez onartu guztiz anormala den egoera bat" eta "Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioari atxikitzeko erakustaldi sinbolikoren bat" egin dezatela. Izan ere, "kirol ekitaldi bat gizateriaren aurkako krimenak zuritzeko erabiltzea" kritikatu du.

Hirugarrenik, prentsako hedabideei "zurruntasun profesionalez" jokatzea eskatu die BDZ mugimenduak: "Ez dezatela Israelgo krimenak zuritzea helburu duten ekitaldi hauen normalizazioan parte hartu; ez ditzatela jakinaren gainean isildu edo saihestu pabiloian gertatu ohi diren elkartasun adierazpenak, azken urteotan gertatu den bezala; eta ez dezatela ez-ikusiarena egin adierazpen askatasunaren etengabeko urraketen aurrean".

Zergatik boikota?

2016an, Baskonia-Maccabi partidaren atarian, Gaza eta Gasteizko hainbat ekintzailek talde israeldarrari boikot egitea eskatzeko bideo bat plazaratu zuten. Bertan, Tel Aviveko saskibaloi taldearen "kirol enbaxadore" lana salatu zuten, "estatu sionistaren eta bere armadaren sarraskiak nazioartean zuritzeko" helburuarekin.

 

"Palestinako herriaren aurkako genozidioa berehalakoan gelditzeko aldarrikapena gogoan, eta behingoagatik Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa nagusituko delakoan, berretsi egin nahi dugu gure konpromiso irmoa gure hirian ez dadila berriro hau bezalako propaganda ekitaldirik gertatu", adierazi dute BDZ mugimenduko kideek gaurko prentsaurrekoan. "Izan ere, horren helburu bakarra Israelgo irudi publikoa zuritzea da, Palestinako populazio zibilaren kontra genozidio krimenak burutu dituelakoan baikaude".

"Urriaren 7tik, Israelek nahita eta modu sistematikoan Gazako Zerrenda bonbardatzen, duela hamasei urtetik gora blokeo itogarri eta ilegal baten menpe duen eskualdea", gaineratu dute. "Azken eraso hauek erregimen sionista duela 75 urtetik gora Palestinan burutzen ari den garbiketa etniko kanpainaren adierazpenik gorenena dira, eta haien ankerkeriak ez dauka aurrekaririk. Prozesu hori Zisjordanian eta Jerusalemen ere bizkortzen ari da, atxiloketa kanpaina masiboen, herrien gaineko erasoan eta hilketa zein jazarpenaren bidez populazio palestinarra bere lurretik kanporatzeko".

"Bitartean, erregimen sionistak bere propaganda makineria guztia martxan jarri du, nazioarteko iritzi publikoaren aurrean bere irudia zuritzeko", kritikatu dute. "Testuinguru horretan, eta 2005ean Israelek propagandarako Hasvará Ministerioa sortu zuenetik urtero egin duten bezala, aurten ere berriro etorriko da gure hirira Tel Aviveko Maccabi saski baloi taldea, Israelgo estatuko kirol ordezkaririk gorenena, berriz ere ustezko normaltasun irudi kalkulatua emanez".

KARTELA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide