Iritzia

Amurrioarren hizkuntza eskubideen alde, langileen lan baldintza duinen alde

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko udal langileen batzordea (LAB-ELA-ESAN) 2024ko urt. 19a, 10:00
Amurrioko frontoiko horma. Argazkia: Amurrioko Udala

"Kirol instalazioen erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko eta bertako langileen gutxieneko lan baldintza duinak errespetatzeko, abiatu berri duen kontratazio prozedura bertan behera uztea eskatzen diogu Amurrioko udal gobernuari".

"Udalak kirol instalazioen kontrol, mantenu eta garbiketa lanak egiteko soilik sei hilabeterako kontratazio prozedura bat argitaratu du"

LAB, ELA eta ESAN sindikatuek osatzen dugun Amurrioko Udaleko Komiteak, udal pilotalekua, Mendiko ikastetxeko frontoia eta Reforreko kirol gunearen "kontrolaz, mantenuaz eta garbiketaz" arduratzen den azpikontratatutako langileekin bilera eta hartu-emanak izan ostean, Amurrioko udal gobernuari honakoa eskatzen dio:

Aipatu kirol instalazioen erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko, eta bertako langileen gutxieneko lan baldintza duinak errespetatzeko, abiatu berri duen kontratazio prozedura hau bertan behera uztea. Izan ere, Amurrioko Udalak, alkatetzaren dekretu bidez, aipatu kirol instalazio horien kontrol, mantenu eta garbiketa lanak egiteko soilik sei hilabeterako kontratazio prozedura bat argitaratu du.

Plegu horietan zehazten diren kontuetatik larriena hau iruditzen zaigu:

  • Enpresek eskainiko duten zerbitzua baloratzeko puntuen %75 prezioa merketzeari esleituko zaio, eta beste %20 langileek doako lan orduak eskaintzeari (gainerako %5 berdintasun irizpideei).

Erabaki hauek oso larriak iruditzen zaizkigu:

1.- Amurrioko euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen dituelako.

Alde batetik kirol instalazio horien erabiltzaile gehienak ehunka haur, nerabe eta gazte izanik (futbol eskolako taldeak, pilota kluba, frontoiko erabiltzaileak, saskibaloi taldeak...), euskaraz hitz egiteko eskubidea uka dakiekeelako.

"Amurrioko Udalak osoko bilkuran onartutako Udalaren Euskara Planaren aurka egiten du"

Eta bestetik, Amurrioko Udalak (eta gobernu taldeak berak) osoko bilkuran onartutako Udalaren Euskara Planaren aurka egiten duelako. Aipatu planak propio jasotzen du udalaren zerbitzu publikoak azpikontratatutako enpresa baten bidez eskainiz gero, enpresa horretako langileek funtzionarioek bete beharko lituzketen hizkuntza betebeharrak bete beharko dituztela. Langile horiek kantxa orduak alokatzeko zuzeneko harremana dute erabiltzaileekin, aldagelak edo instalazioak irekitzeko, edozein kontrol lanetarako, eta mantenu zein garbiketa kontuekin zerikusia duten eskaera edo azalpenetarako. Gazteriarekin bereziki harreman zuzena duten eta zereginaren zati garrantzitsu baten jendaurreko izaera duten lanpostuak dira.

2.- Aipatu kirol instalazioetako pleguen argitaratzea langileek udalarekin epaitegietan auzibide bat irekita dutenean ematen delako, autonomo faltsuaren figura ematen den argitzeko (beraien esanetan, urteak daramatzate autonomo bezala lan egiten, lanpostu estruktural batean, eta euren fakturazioaren %100 enpresa zehatz bati fakturatzen: Amurrioko Udalari). 2023an abian jarritako epaiketa prozesuaren baitan, otsailaren 19an epaileak epaiketa aurreko bi aldeen negoziazio aldia bukatutzat emango du (tarte horretan udalak egin duen gauza bakarra pleguak argitaratzea izan da), eta epaiketa prozedurari jarraipena eman; beraz, ebazpena hilabete gutxiko kontua izan daiteke (horregatik atera du oso ezohikoa den sei hilabeteko kontratazio prozedura bat, edozein momentutan udalak aldebakarrez eteteko aukerarekin).

"Ez dago lan hitzarmenik doan lan egitea jasotzen duenik, eta administrazio publikoek ezin dute lan hitzarmenen kontra joan"

Zein arazo dago, orain arte eta hilabete luzez egondako baldintzetan hilabete gutxi batzuetan zerbitzua eskaintzen jarraitzeko, epaia atera arte? Zergatik hau orain? Ez al da izango bertako langileen ustez eurei dagokien eskubide bat epaitegietara eramateagatiko zigor bat eta bide hori jorratzea inoiz pentsatu dutenentzako abisua? Komiteak uste du epaileak langile hauei arrazoia emanez gero udalean badirela autonomo bezala kontratatutako beste zerbitzu batzuk egoera berdinean egon daitezkeenak.

Horri prekarizazioaren gaia gehitu behar zaio. Plegu honetako gehienezko lizitazio prezioa oraingo enpresaren esleipenaren zenbatekoa baino apur bat handiago da. Aintzat hartuta prezioaren jaitsierak %75eko puntuazioa duela, eta doan lan egindako orduek %20, argi dago aterako den kontratuaren zenbatekoa merkeagoa aterako zaiola udalari, eta langileek doan orduak lan egin beharko dituztela. Ez da, gainera, lehenengo aldia izango, prekarietatea sustatzen duten baldintza eskas hauen aurrean lizitazioa hutsik geratu izan dela.

Horregatik guztiagatik, Amurrioko Udalari eskatzen diogu:

Kontratazio prozedura hau eten dezala harik eta epaitegietan epaia argitu arte. Epaiak udalari arrazoia emanez gero, plegu berri batzuk egitea exijitzen dugu, euskararen gutxieneko ezagutza bat eskatuko duena eta langileen soldatak hitzarmen duin bat erreferentzia gisa izango duena, doan lan egitea saritu gabe. Ez dago lan hitzarmenik doan lan egitea jasotzen duenik, eta administrazio publikoek ezin dute lan hitzarmenen kontra joan.

"Duela bi legealdi, udalak aho batez onartu zuen azpikontratutako zerbitzuetan prekarietatea murrizteko neurriak hartzea"

Era berean, gogora ekarri nahi dugu Amurrioko Udalak duela bi legealdi aho batez onartu zuela azpikontratutako zerbitzuetan prekarietatea murrizteko neurriak hartzea. Garai hartan, astean 35 orduz lan eginda, hilero 1.200 euro garbi eta urtean 14 ordainsaritan jasotzeko neurriak hartzea. Beraz, bada garaia bide horretan urratsak emateko, eta pribatizatuta dituen hainbat egiturazko zerbitzu, publiko egiteko aukerak aztertzekoa ere. Kasu batzuetan zerbitzuaren errebertsioarekin, merkeago atera daitekeena.

Zeregin horretan, Amurrioko Udalak bidelagun izango gaitu, proposamen eraikitzaileak eginez eta eskuzabal jokatuz. Kontrako bidetik jarraituz gero, sindikatuak beti egongo gara herritarren eta langileen eskubideak defendatzeko borrokan.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide