Amurrioko kirol instalazioetako langileek ez dute euskara jakin beharko

Erredakzioa 2024ko urt. 12a, 13:30

Amurrioko Reforreko kirol instalazioak. Argazkia: amurrioclub.es

Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak salatu du Amurrioko Udalak kirol instalazioetarako aurreko lizitazioaren hizkuntza eskakizunak ezabatu dituela. "Erabiltzaileen hizkuntza eskubideak ez dira bermatuko", ohartarazi dute.

"Atzerapauso berri bat" salatu du Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak. Azaldu dutenez, oraingoan berria ez dator epaitegietatik, baizik eta Amurrioko Udaletik. Izan ere, urtarrilaren 5ean 60.000 euroko aurrekontuarekin lehiaketa publikora ateratako lizitazio berri baten bitartez hizkuntza eskakizunak ezabatu ditu udalerriko kirol instalazioetatik.

Erabakiak udal frontoiari, Reforreko kirol guneari eta Mendikoko frontoiari eragingo die. Gogora ekarri dutenez, duela zazpi urte zerbitzua lizitatzerakoan, pleguetan langileen %50ak euskarazko PL2a egiaztatzeko derrigortasuna ezarri zuen Amurrioko Udalak. Lizitazio berrian, berriz, baldintza hori desagertu da, eta langileei ez die inongo hizkuntza eskakizunik ezartzen.

"Langile horiek, aipatu kirol instalazioetan herritarrei harrera egiten diete, eta hemendik aurrera ez dute zertan euskara jakin beharko, beraz erabiltzaileen hizkuntza eskubideak ez dira bermatuko", ohartarazi du eskualdeko Euskalgintzaren Kontseiluak. "Erabakia, gainera, Udalaren Euskara Planaren aurkakoa da: udalak berak eman beharko lukeen zerbitzu bat kanpora ateratzen denean, udal langileei lan horietarako ezartzen zaien hizkuntza eskakizun bera ezartzea eskatzen baitu azpikontratatutako enpresa eta langileentzat".

Oraingo lizitazioan, berriz, euskararekiko eskakizun bakarra ezarri zaio enpresari: dokumentuak eta txartelak elebitan azaltzea, euskarari lehentasuna emanez. Gainera, lizitazio berrirako pleguak elebakarrean argitaratu izana salatu du Aiaraldeko Euskalgintzak, "duela 40 urteko euskara legearen betetze maila eskasa berriz ere agerian utziz".

Euskararen normalizazioa, ezbaian

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak euskara arloan lau langileko lantaldea izatea aholkatzen duen arren, Amurrioko Udalak langile bakarra duela kritikatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. 2023ko uztailean, udala euskara teknikari lanpostua ezabatzera iritsi zen, baina eskualdeko euskalgintzaren eta alkatearen arteko bilera batean "konpromiso zehatz" batzuk hitzartu zituzten; gaur egun pertsona bat euskara arloan esklusiboki lanean dago, baina lanpostu horrek udal langileen zerrendan agertu gabe jarraitzen du.

"Udalak baldintzak okertu ditu herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko bidean eta euskararen normalizazioa bultzatzeko xedean. Herritarrak epaileen euskararen aurkako oldarraldia salatzeko kalera ateratzen ari diren testuinguruan, horrelako erabakiak mingarriak dira oso. Atzerapauso hau larria da", adierazi du Kontseiluak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago