Iritzia

Energia berriztagarrien aurka agertzeko hamahiru arrazoi

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe eta Alberto Frias 2023ko eka. 23a, 17:00

Argazkia: PIXABAY

"Artikulu honen helburua da azaltzea zergatik betidanik energia berriztagarrien alde egin dugunak LPS honen kontra gauden".

Euskal Herriko mugimendu ekologistak hamarkada luzeak daramatza energia kontsumoa gutxitzea, efizientzia areagotzea, deszentralizatzea eta, tokiko erakundeen aitzindaritzarekin, energia sistemaren kontrol publikoa bermatuko lukeen energia berriztagarrien plana eskatzen. Gure harridurarako, berandu eta gaizki, orain jarri da jendaurrean Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (EEBB-LPS) hasierako dokumentua.

Artikulu honen helburua da azaltzea zergatik betidanik energia berriztagarrien alde egin dugunak LPS honen kontra gauden. Bide batez, talde eta erakunde publiko interesatuei helarazten dizkiegu gure arrazoiak, LPSari alegazioak egiteko balia ditzaten.

1. Europako populazioaren dentsitatea hirukoizten duen gure autonomia erkidegoan (302 biztanle kilometro koadroko), energian intentsiboa den sare produktiboak Barne Produktu Gordinari egiten dion ekarpenaren %38 industriari eta eraikuntzari zor zaie(lehen sektoreari %0,8). EEBB-LPSan aurreikusitako metropolizazio eta kolmatazio prozesuaren areagotze bortitzak mendi eta haranetara bizi, kultura eta paisaia zentzua galtzea ekarriko luke.

2. EEBB-LPSa ez da bateragarria babestutako naturaguneekin, ezta babestutako espeziekin ere. Bereziki, Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearekin eta hegazti nekrofagoak kudeatzeko planei buruzko Foru Aginduekin.

3. LPSa bateraezina da EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onartzen dituen uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuarekin. Paisaiari buruzko ikuspegi berria jasotzen duen Dekretu horretan jasotzen denez, "paisaia bikainetan zein antolamendu premia duten eguneroko paisaietan, ondarea (kulturala zein naturala) babestu beharreko baliabidea da, eta, alde horretatik, haren kudeaketa iraunkorra funtsezkoa da". EEBB-LPSa lehentasunez Lurralde Plan Partzialen gainetik ezartzeak, azken hauek ezerezean utzi ditu.

4. EEBB-LPSa bateraezina da elikadura burujabetzarekin, landa eremuarekin eta baita Nekazaritza eta Basogintzarako LPSarekin ere; izan ere, okupaziotik salbuesten diren lurzoru bakarrak aparteko baliodunak (propio) izendatutakoak dira.

5. Ustezko "energia-trantsizioaren" izenean, baliabide baliotsuena, urriena eta berriztaezin(en)a sakrifikatu nahi da: lurraldea. LPS hau garatuta, hainbat ingurumen adierazlek okerrera egingo dute, larritasunez, lurzoruaren artifizializazioagatik.

6. EEBB-LPSan "salbuetsitako gune" bakarrak Natura 2000 Sarean babestutako eremuak eta hiri-gune bakoitzaren inguruko baretze-eremuakdira. Gainerakoetan azpiegiturak egiteko aukera ematen duenez, uko egin zaio lurralde antolamenduak ezarri behar duen eginkizun zuzentzaileari.

7. LPS honek ez du aipatutako 9/2021 Legea errespetatzen "Azpiegitura berde" eta korridore ekologikoei dagokienez. Legean jasotzen denez, elementu hauek, "Koherentzia eta konektibitate ekologikoa hobetzeko helburuarekin", lehentasunezko funtzioa beteko dute, besteak beste, mendi eremuek, "eremu babestuak izan ala ez".

8. LPS honetan jasotzen diren paisaiari buruzko jarraibideek paisaiak gure identitatearen eraikuntzan duen erreferentzialtasuna mespretxatzen dute, paisaia baita nortasun sentimendua eraikitzeko gaitasun handienetarikoa duen objektu sinbolikoa. Mendizaletasunean sustraitutako gure herri izaera ez da ebaluatu, ezta errespetatu ere.

9. Larrialdi klimatikoak ez du justifikatzen eta ez du saihestu biodibertsitatearen galera. Lurraldeak biodibertsitatea bere gain hartzeko duen gaitasuna ez gainditzeko, askoz eraginkorragoak lirateke LPS honek kontuan hartu ez dituen energiaren kontrol publikoa bezalako neurriak.

10. LPS honen nahitaezko Ingurumen Ebaluazio Estrategikoak sorkuntzarako azpiegiturak baino ez ditu hartzen kontuan; ez du aurreikusten ez energia sarbiderik eta ezta ebaluazio lerrorik ere. Horrek ingurumen ebaluazioaren irismena eta helburuak desitxuratu ditu.

11. Energia eskaeraren datuen agertoki guztiak gastu energetikoari eustea aurreikusten dute; nahiz eta EEBB-LPSak elektrifikazioaren mugak aitortzen dituen. Energia aurrezpenarekin batera, ekoizpen sarearen beharrezko kualifikazioa eta eraldaketa ezinbestez garatu beharreko jarduera ildoak dira.

12. Lurraldearen plangintza prozesuetan gizarte eragile gehiago inplikatuko dituen "partaidetzaren kultura" sortzeak talka egiten du udaletako eta foru aldundietako gobernu berriak eratu arte LPS honen izapidetze-prozedura geldiarazteko egindako eskaerari emandako ezezkoarekin; partaidetza eskubidea ebatsi zaie tokiko erakundeei.

13. Xedapen iragankorrak ezartzen du izapidetzen ari diren azpiegiturei ez diela eragiten LPS honek. Hori horrela, paradigmatikoa da Planean proposatutako guneetatik kanpo garatzen ari diren proiektuen kasua. EEBB-LPSa indarrean sartu aurretiko proiektu guztiak gelditzea eskatzen dugu.

Sinatzaileak: Alberto Frias (ekologista) eta Aitziber Sarobe (natur kontserbazionista)

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago