Goiz atera gara gaur etxetik, behingoagatik garaiz iritsi gaitezke eskolara. Goizeko bederatziak dira Gasteizko Alde Zaharreko Fray Zacarias kalean, eta Ertzaintzaren furgoneta batek zeharkatzen du Landatxo kiroldegia. Eskolaz kanpoko ekintzetatik atera gara, arratsaldeko seiak dira Alde Zaharrean, eta Ertzaintzaren bi furgoneta daude Eskola kalean; bi gazte dituzte Landatxo parean, paretaren kontra.
"Badirudi gure seme-alabek panorama hau normaltzat jotzen dutela dagoeneko, kezkatzekoa da"
Igandea da, Rafa plazan ohi baino haur gutxiago daude jolasean, munizipalen kotxea pasa da hirugarrenez, kontrako norabidean, Eskola kaletik. Lau gazte daude solasean parke berriko gradetan, eta haiengana doaz dokumentazio eske. Badirudi gure seme-alabek panorama hau normaltzat jotzen dutela dagoeneko, kezkatzekoa da.
Duela hilabete atxilotu zituzten Gaztetxeko soinu teknikaria eta auzoko okina; bortizki biak, antza, ageriko arrazoirik gabe. Horrela daude gauzak gure auzoan azken hilabeteetan, eta ez, auzo militarizatu batean ez gara seguruago bizi...
Haur txikiak eskutik zintzilik daramatzagula, patineteekin harrapaketan edo ezkutaketan ibiltzea gustuko dutenekin gabiltzala, ez dugu segurtasun sentsaziorik poliziaz betetako kaleetan. Ez da auzo seguruagoa, larritasun egoera etengabean jartzen gaituzue, tentsio etengabean. Eta beldurra zabaltzen dute, bizilagunen arteko beldurra.
Batzuetan gelditu egin izan gara begira, eta laster etortzen da, harrokeriaz, ertzain bat galdezka, horrek deseroso jarriko balu bezala; benetan beharrezkoak dira 12 polizia 17 bat urteko gazte bi identifikatzeko?
"Benetan beharrezkoak dira 12 polizia 17 bat urteko gazte bi identifikatzeko?
Esan dezagun argi: gure auzoan poliziak identifikazio eta jazarpen arrazistak egiten ditu, egunero. Eta ohitu egin gara; askotan komunikabideen zalapartak hauspotuta justifikatu egiten da gazte magrebtarren kontrako ehiza bortitz hau. "Trapitxeoan ibiltzen dira", diote batzuek.
Badakigu hori ez dela arazoa, San Markos kantoian ez da larunbat gau batean Mateo Moraza kalean baino droga gehiago kontsumitzen. Arazoa da pobreak direla, eta arrazializatuak… Hori da hauspotu nahi den beldurra. Gaztea eta magrebtarra izatea delinkuentziarekin berdindu nahi dute. Eta hori... hori ez dizuegu erosten, auzo honetan hamarkadak daramatzagu bizikidetza auzokideon artean eraiki nahian, eta jakin badakigu auzokideon arteko beldurra dela horren etsai nagusietako bat.
"Gaztea eta magrebtarra izatea delinkuentziarekin berdindu nahi dute"
Desberdintasun sozialak areagotu ahala gatazkak areagotzen dira; guk ere horiek bizi ditugu, ez ditugu ukatzen, ez ditugu ezkutatzen. Arazoak izaten ditugu, elkarbizitza arazoak. Eta bestelako planteamendu batzuetatik aurre egin nahi diegu, elkar ezagutzatik, elkar aitortzatik, loturak sortzetik. Halaxe ikasi dugu egiten Gasteizko Alde Zaharrean, altxorra diren bertako kale hezitzaileekin, Goianekin, auzo elkartearekin, norbanakoekin…
Askotan ez dugu asmatu, eta berriz arazoak, berriz gatazkak. Ez ditugu formula magikoak, baina argi dugu gure kaleak seguruak izango direla elkar zaintzeko eta elkar aitortzeko gai diren bizilagunez betetzen ditugunean. Horretarako martxan jarri izan dira harrera planteamenduak, Ongi Etorri Alde Zaharrera programa, elkar laguntza sareak... eta oraindik ikasten jarraitzen dugu.
"Gure kaleak seguruak izango dira elkar zaintzeko eta elkar aitortzeko gai diren bizilagunez betetzen ditugunean"
Auzoa poliziaz betetzeak planteamendu horiek guztiak oztopatzen ditu. Bizilagun bezala, poliziaren arrazakeria eta gehiegikeriak salatu nahi ditugu. Guraso bezala, ez ditugu gure haurrak beldurra eta bortizkeria nagusi diren kaleetan hezi nahi, ezta auzokideon arteko etsaitasunean ere.
Horregatik, datorren alkateari eskatu nahi diogu arduraz joka dezan. Polizia gutxiago eta gizarte zerbitzu gehiago nahi ditugu. Arrazismoa oinarri dituzten razzia polizialak eten ditzala berehala, eta auzokideek dituzten planteamendu sozialak baloreez eta finantziazioz hornitu ditzatela.
Sinatzaileak: Hafsa Tahir eta Aitor Alustiza Nazabal, Gasteizko Alde Zaharreko Ramon Bajo eskolako guraso elkarteko kideak
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.