Azken asteetan, poliziaren jardunak Gasteizko Alde Zaharreko bizilagun eta eragileen haserrea piztu du. Alde batetik, apirilaren 28an, Ertzaintzak 22 urteko gazte bat atxilotu zuen Santo Domingo kalean, Aldabe inguruan izandako liskarren ondorioz poliziaren presentzia areagotu den testuinguruan; gaztea Los gemelos okindegiko okina zen, une horretan lanean zegoen, eta bere familiak Ertzaintzaren "kolpeak" eta "bortizkeria" salatu zituen. Bestetik, apirilaren 29an, Udaltzaingoak soinu teknikaria atxilotu zuen Gaztetxearen urteurreneko jaialdian.
Auzoan arnasten den giroa dela eta, "gehiegikeria poliziala" salatzeko manifestazioa deitu dute auzoko hainbat eragilek, ostiral honetan, maiatzaren 19an, 19:00etan Gasteizko Gaztetxetik Andre Maria Zuriaren plazaraino, Auzokideen elkartasuna poliziaren gehiegikerien aurrean! Elkartasuna Yaser eta Gaztetxearekin! lelopean. Aipatutako bi gertakariak ez ezik, "hirian eta Alde Zaharrean poliziaren presentzia areagotu" izana salatu dute, besteak beste.
"Alde Zaharra da Gasteizen poliziaren presentzia handiena duen auzoetako bat. Eta Euskal Herria, oraindik ere, biztanle bakoitzeko polizia gehien duen Europar Batasuneko lurraldea da. Hala ere, badirudi poliziaren presentzia etengabe areagotzen ari dela gure auzoan. Azken hilabeteetan, poliziaren presentziak eta erasoek ez dute etenik Alde Zaharrean, batez ere arrazializatutako pertsonekiko", kritikatu dute manifestazioaren amaieran. Bertan hitza hartu dute auzoko eragileen ordezkariek, Yaserren senideek eta Gasteizko Gaztetxeko kideek.
Hainbat eragilek bat egin dute mobilizazioarekin:
- Adurtzako Gazte Asanblada
- Ariznabarra Berpiztu
- ASME. Mauritania Euskadi Kultur Elkartea
- Auzoan Bizi Etxebizitza Sarea
- Batuta Elkarlaguntza Sarea
- Ernai Gasteiz
- Errekaleor Bizirik!
- Errota Anitza
- Errota Zaharra Auzo Elkartea
- Gasteiz Txiki Auzo Elkartea
- Gasteizen, Inor Ez Etxerik Gabe
- Gasteizko Askapena
- Gasteizko GKS
- Gasteizko Mugimendu Feminista
- Gasteizkoak
- Gaztetxea
- Herrizoma Elikadura Sarea
- Jardun Koordinadora
- Judimendiko Gazte Asanblada
- Kontseilu Sozialista Gasteiz
- Kutxiko Taskeroak
- Ongi Etorri Errefuxiatuak Gasteiz
- SOS Racismo
- SUmendi Espazioa
- Txapa Ahotsa
- Zaharraz Harro
- ZAPateneo