Iritzia

Antolatu zaitezte, baina ez gehiegi

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Gonzalez (Ikasle Abertzaleak) 2023ko mar. 27a, 20:10

Martxoaren 30erako ikasle greba deitu du Ikasle Abertzaleak-ek. / Argazkia: @IAgasteiz

"Gainerakoek "gaur ez, bihar" pentsatzen duten bitartean, ikasleek "orain" diote. Batzuk dagoenera ohitzen diren bitartean, ikasleek nahi duten etorkizuna lortzeko bidea urratzeari ekiten diote".

Larria da hezkuntzari egiten diogun diagnostikoa. Garapen pertsonal eta intelektualerako bitarteko izan beharrean, merkatuaren beharrei erantzuten die. Diziplinamendutik kualifikaziotik baino gehiago du. Forma edukiaren gainetik dago, zer ikasten den inporta ez duela. Interes indibiduala kolektiboaren gainetik inposatzen da. Eta filtro sozial geroz eta iragazgaitzagoa da.

"Norabide politiko batekin lerratzen garen ikasle masa antolatua gara"

Norabide berean arraun egiten duten ezaugarri eta aldaketa horiek guztiak ez dira halabeharrez gertatu beharrekoak, ez dira neutralak; enpresari handien diru-gose aseezinaren ondorio zuzenak baizik. Hori gutxi ez, eta klase elkartasunaren printzipiopean jokatu beharko luketenek ez dute hala egiten, antolatzeko hautua egin dugunon kalterako.

Pertsona adina iritzi, eta errealitate adina egia; gainontzekoa, dogma eta inposizioa. Bada, hori pentsatu eta egun osoa kritikaz eta inplikazio kolektiboaz hitz egiten igarotzen dutenez gainezka daude ikastegiak. Ikasle langilea deshumanizatzera arte gutxiesten duen aitakeriaz jokatzen dute hainbatek, kontraesankor, ikastegiz ikastegi, eta belaunaldi berrien baldintza politikoak urratzen dituzte. Zentzu horretan, "ez dakizu zertan zabiltzan", "burua jan dizuete" eta antzerako akusazioak aurretik esandakoaren isla garbia dira: infantilizazioa bere adierazpen gordinenean.

Aitzitik, ikasle grebaren atarian gauden honetan, norabide politiko batekin lerratzen garen ikasle masa antolatua gara. Egiazki, ingurukoen politizazioan eta, horrenbestez, kritikotasunean eta inplikazio kolektiboan sakontzen dugunok. Egiarekiko konpromisoz ingurukoen politizazioan, kritikotasunean eta inplikazio kolektiboan sakontzen dugunok, alegia. Egoeraren larritasunaz jakitun, eskaintzeko dugun hori errealitate soziala bere osotasunean aldatzeko anbizioa duen proiektuarekin lerratzen gara. Eta ez gara behin eta berriro politika egiteko antolatzen, jazarriak izateko arriskuarekin, kapritxo hutsagatik, baizik eta konbikzio etikoak bultzaturik.

"Hezkuntzako langile sektore guztiei dei egiten diegu datorren martxoaren 30ean IAk deitu duen ikasle greban parte har dezaten"

Esperantza pizgarri izan beharko litzateke belaunaldi berrietan antolakuntzaren kultura hedatzen dabilela ikustea, ez gutxietsi eta oztopatu beharreko zerbait. Batzuk, etsita, komenigarritasunean gotortzen diren bitartean, ikasleak altxatu egiten dira. Gainerakoek "gaur ez, bihar" pentsatzen duten bitartean, ikasleek "orain" diote. Batzuk dagoenera ohitzen diren bitartean, ikasleek nahi duten etorkizuna lortzeko bidea urratzeari ekiten diote, zioen Eduardo Galeanok.

Gauzak horrela, hezkuntzako langile sektore guztiei dei egiten diegu datorren martxoaren 30ean Ikasle Abertzaleak-ek deitu duen ikasle greban parte har dezaten. Grebaren izaera masiboak balio dezala egungo hezkuntza ereduari kontrajarriko zaion indar antolatua gorpuztearen beharra mahaigaineratzeko.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago