Enpresari handien hezkuntzak miseriara kondenatzen gaitu. Ikasle langileok borrokara! lelopean, ikasle greba deitu du Ikasle Abertzaleak-ek martxoaren 30erako; lanbide heziketan, bigarren hezkuntzan eta unibertsitatean egingo dute greba.
"Hezkuntza sistema enpresari handien menpe dagoen instituzio bat gehiago da; bankari eta finantzario handiek kontrolatzen dute eta ikasleok gure azalean bizi ditugu horren ondorioak", esan dute prentsaurrekoan. Salatu dutenez, gizarteko gainontzeko sektoreak bezala, hezkuntza instituzioa ere "ziklo ekonomiko berrira egokitu" behar da, "etorkizuneko murrizketetara egokituz, hezkuntza instituzioarekin negozioa eginez eta, batik bat, prekarietatean biziko den subjektua sortuz, ikasle langilea, hain zuzen ere".
Horretarako, enpresari handiek curriculumean esku hartzen dutela salatu dute, "diziplinamenduan oinarrituko den heziketa eredu bat" ezarriz bigarren hezkuntzan. Unibertsitatean, halaber, "enpresarien araberako graduak" sortzen direla eta beste batzuk, berriz, "guztiz debaluatzen" direla salatu dute. Eredu dualaren bidez lanbide heziketa "enpresarien guztiz menpeko" bilakatuko dela ere salatu dute.
Bestalde, azken urteetan "proletalgoa hezkuntzatik kanporatua izaten ari dela" ohartarazi dute, baita "heziketa zentroak diziplinamendu laboral eta sozialerako bilakatzen ari direla" ere. "Ideologizazioan eta despolitizazioan oinarritzen den hezkuntza hau suntsitu beharra daukagu, gaurdanik ikasleria antolatuz, indarrak metatuz eta subjektu politiko aktibo gisa jardunez", aldarrikatu dute.
Gasteizko manifestazioa 11:30etan hasiko da, Andra Mari Zuriaren plazatik. Horrez gain, hezkuntza zentroetan grebaren aurkezpenak egingo dituzte aurreko asteetan:
AURKEZPENAK