Iritzia

Martxoak 3: guk ez dugu irabazi

Erabiltzailearen aurpegia Trikuharrika Kolektiboa 2023ko mar. 1a, 21:45

"Oroitu nahi dugu, bai, baina ez memoria pasibo eta nostalgiko batetik, ez data estatiko soil gisa, baizik eta eguneroko ekintzara eramango gaituen erreferentzia gisa, sistemari aurre egiteko, eta, egungo egoera bidegabekoa gainditzeko asmoz, praktika erradikalak aktibatzeko".

Ez dugu ahazten, noski. Ezin ahaztu eman ziguten jipoia. Poliziaren benetako sarraskia, haietako batzuek langileen kontra destajuz tiro egiten ari zirela aitortua. Greba nola edo hala amaitu behar zuten. Makilaka... eta tiroka! Herri matxinada zen hura, eta ezin zuten onartu, ezarritako ordenaren aurkako haustura erradikala zekarrelako. Eta, kaña eman ziguten beren munizioarekin amaitu eta borrak higatu arte. Ez genuen irabazi, ez. Galdu egin genuen. Garrantzitsuena, bost giza bizitza. Eta ehunka pertsona balaz zaurituak edo bortizki kolpatuak, atxilotuak, beldurtuak... Hiri osoa jipoitua bere borroka errenditzeko. Langileen aldarrikapenekin hasi zena benetako aktibismo politikoa bihurtzen ari zen, erabateko aldaketaren bila.

"Ez genuen irabazi, ez. Galdu egin genuen. Garrantzitsuena, bost giza bizitza"

"Botere osoa batzarrarentzat". Eta egun horretan birrindu egin gintuzten langileen grebarekin eta, bide batez, askatasun ametsekin amaitzeko asmo errepresiboarekin. Herri iraultza txiki bat, bortizki zanpatua. Asko galdu genuen, baina asko ikasi genuen ere bai. Oso azkar konturatu ginen Estatuaren egiturek ez zutela diktadurarekiko benetako haustura onartuko.

Borrokatu, bai egin genuen; eutsi, eutsi ginen, baina azkenean ez dugu askatasun maila handirik lortu, botereak kontrol errepresiboko elementu gero eta sofistikatuagoak erabiltzen dituelako, eta ez garelako gai izan oinarri batzuk sortzeko sistema aldaketa erradikala ahalbidetuko duen borroka dinamika bat garatzeko. Aberatsen eta pobreen arteko aldea etengabe handitu egiten da. Herriaren nahia oraindik ere atzo baino gehiago gutxietsi eta kontrolatzen da. Galtzen jarraitzen dugu, baina ikasten jarraitzen dugu ezin garela fidatu bere poltronez baliatzen den ezker politiko profesional eta instituzionalizatu batez.

"Asko galdu genuen, baina asko ikasi genuen ere bai"

Martxoaren 3an ere ikasi genuen sindikatuak plataforma instituzionalizatu eta kudeatzaile administratibo huts bihurtuko zirela, langileen borroka ordezkatu, hitzartu eta ordezteko, baina langilerik gabe.

Bitartean, monarkia pribilegiatuak iraun egiten du. Estatu batasunaren armada bermatzaileak iraun egiten du. Polizia egoera errepresiboak bere horretan dirau. Epaile ultra-kontserbadoreek iraun egiten dute. Estatu patriarkalak iraun egiten du. Elizaren hierarkia per secula seculorum Cesaren ondoan dago, eta zeru zati bat eskaintzen digu esklabotzaren truke. Eta egungo demokrazia faltsua herriaren nahiak ordezkatzeko tresna manipulatzaile soila bihurtu da.

Ikasi dugu horrela ez dela ezer aldatzen. Badakigu sarraski haren errudunak, polizia-armada hartaz eta zuzenean inplikatutako agintariez gain, orduko politikariak izan zirela, garai hartako Gobernazio Ministerio frankistan karguak zituztenak, Fraga buru zutela; baina ikasi dugu, halaber, sistema kapitalista dela sarraski haren eta bidegabekeria guztien benetako erruduna.

"Ikasi dugu sistema kapitalista dela sarraski haren eta bidegabekeria guztien benetako erruduna"

Beraz, orduko politikariak, oraingoak bezala, sistema hori legitimatzen tematzen direnean, konplizeak dira. Galtzen jarraitzen dugu, baina ikasi dugu borrokaren duintasuna ez dela inoiz galtzen. Oroitu nahi dugu, bai, baina ez memoria pasibo eta nostalgiko batetik, ez data estatiko soil gisa, baizik eta eguneroko ekintzara eramango gaituen erreferentzia gisa, sistemari aurre egiteko, eta, egungo egoera bidegabekoa gainditzeko asmoz, praktika erradikalak aktibatzeko.

Horregatik, agurtzen dugu sektore feministak eta belaunaldi gazteak gaur egun mahai gainean jartzen ari diren proposamen iraultzaileen sorrera. Izan ere, proposatzen dituzten taktika eta estrategiekin ados ez egoteaz gain, aurreko mugimendu iraultzailearen (ENAM) noraeza erreformista argi eta garbi zalantzan jartzea lortu dute, eta, bide batez, sistema kapitalistarekin eta haren botere modu desberdinekin (demokrazia ordezkatzailearen eredua barne) haustearen aldeko apustua egitea, Martxoaren 3ko borroken espiritua nolabait berreskuratuz.

Trikuharrika Kolektiboa iritzi talde bat da. Gure helburua da iritzi publikoa astindu kontzientzia hartzeko eta gero eta jende gehiagok borrokarako konpromiso soziala hartzeko, oraingo egoera bidegabea aldatzeko asmoz matxinada bultzatuz. Ez dugu inolako erlaziorik oraingo alderdi politiko edo sindikalekin. Autonomoak gara.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago