"Inor gutxik ukatuko du XX. mendean zehar klase borroka lehenengo lerroko testuinguru historiko-politikoa izan zenik; zalantzak ohikoagoak dira, aldiz, egun"
Bi dira Martxoaren 3a letra larriz idaztera bultzatzen gaituzten gertakariak: batetik, egunean bertan langile borrokarekin amaitzeko erabilitako errepresio bortitza; bestetik, aurreko hilabeteetan zehar proletariotzaren klase batasun eta autonomia adierazpenak. Honen guztiaren erdian bi momentuak batzen dituen oinarria dago: klase borroka.
Inor gutxik ukatuko du aurreko mendean zehar klase borroka lehenengo lerroko testuinguru historiko-politikoa izan zenik. Zalantzak ohikoagoak dira, aldiz, egungo egoera ezaugarritzerako orduan, azken hamarkadetan klase kontzientziaren galera nabarmena eman delarik. Gainera, politika instituzio burgesen joko murritzean kateatua izan da.
Azkenengo urteetako testuinguru sozial bortitzak, hala ere, panorama berri bat mahaigaineratu du: bizi baldintzen okertzea (lan miseroen orokortzea, langabezia zelatan izatea, inflazioa...) eta demokrazia burgesen autoritarismoaren gorakada (proletariotzaren aurkako legeen zorroztea, indar armatuen aurrekontuen gorakada itzela, kontrol sozialerako teknika perfekzionatuak...).
"Guretzako krisia ez da neutrala eta burgesiaren ofentsibak ezaugarritzen du"
Erroko aldaketa horiei guztiei "krisi" etiketa jarri izan zaie, gizarte osoa krisitik elkarrekin ateratzeko elkartasuna adierazi beharko lukeenaren ideia zabaldu nahian. Guretzako, berriz, krisia ez da neutrala eta burgesiaren ofentsibak ezaugarritzen du. Esaterako, enpresari handiek proletariotzaren aurka abiatutako ofentsiba testuingurua bizitzen ari gara. Estatu kapitalistak eta politikari burgesek, testuinguru honetan, enpresari handiek zehaztu dituzten estrategiak aurrera daramatzate, nola bestela, hauen mesederako funtzionatzen duen estatua baita. Ezkerreko alderdi instituzionalen eskutik, kasurik onenean, ematen ari den erroko ofentsiba apaltzeko saiakera antzuak ikus ditzakegu; azken finean, miseriaren kudeaketan paper bat izatera kondenatuta daudela erakusten dute.
Bidegurutze batean gaude, beraz. Langileriaren antolakuntza politiko propio edo independentea berreraiki ezean, eraso testuinguruari modu espontaneoan besterik ezingo diogu aurre egin, eta hori ez da nahikoa.
"Ezkerreko alderdi instituzionalen eskutik, kasurik onenean, ematen ari den erroko ofentsiba apaltzeko saiakera antzuak ikus ditzakegu"
Martxoaren 3ak, aurreko hilabeteetako langile borrokak eta aurreko mendeko langileriaren esperientzia politikoek ez digute garaipena ekarri, baina irakaspen garrantzitsuak utzi dizkigute. Horien artean, klase independentziaren oinarria dago.
Enpresari handien eta politikari profesionalen forma politikoetatik era independentean kontrajarriko zaion antolakuntza sustatu behar dugu, kolpatuak izaten ari garen uneotan langileria agente politiko indartsu gisa agertzen hasteko.
Langileriaren interesen menpe egongo den estatu sozialistaren ideia mahaigaineratu eta eraikitzen hasteko.
Sinatzailea: Sabin Aranburu Markaide, Gasteizko Kontseilu Sozialistako kidea.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.