Iritzia

Berriztagarriak bai, baina honela ez

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Mendiak Aske 2023ko urt. 19a, 13:30

'As bestas' filmaren fotograma bat. / Argazkia: RTVE

"Badakigu zortzi aerosorgailu horien atzetik beste hamaika etorriko direla; tamaina handiko zentral bakarra diseinatu eta atal ezberdinetan zatitu da".

Arabako Mendiak Aske elkarteak kezka handiz ikusten du Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek energia berriztagarrien hedapenean duten burugabeko jarrera, naturaren suntsipena dakarrena. Eman duten azken urratsa Labrazako zentral eolikoak aurrera jarrai dezan ahalbidetzea izan da, ingurumen inpaktuaren txosten bat medio, proiektuari hainbat aldaketa egiten dizkiona.

"Neurriak ez dira eraginkorrak, aerosorgailu bat gelditzen denerako hegaztiak talka egin duelako haren aurka"

Aldaketa horiek jada ohartarazi genuena justifikatzen dute: hegaztien hilkortasunari dagokionez, afekzioak oso larriak izango direla, nahiz eta aerosorgailuen jarduera gelditzea proposatu hegaztiak detektatzen dituztenean edota gauean, saguzarrak hiltzea saihesteko.

Inplizituki, azpiegitura horien kokapena hilgarria dela onartzen ari dira. Badakigu neurri horiek ez direla eraginkorrak, martxan dagoen aerosorgailu bat gelditzen denerako hegaztiak talka egin duelako haren aurka. Turbina horiek eratzen dituzten korronteen ondorioz gertatzen da hori, hegaldien berezitasunagatik espezie babestu asko erakartzen baitituzte halabeharrez.

Labrazako kokalekuan, aerosorgailuek osatzen duten alderantzizko U-a hegazti horien pasabide naturala da, aurretik iragarritako heriotza bihurtuz. Nolanahi ere, oraindik probatu ez diren gailuak dira, eta beraien eraginkortasuna oso zalantzazkoa da.

Gainera, natura, kultura, arkeologia eta gizarte ondarearen gaineko eragina konponezina izango da, eta biodibertsitatea suntsitzea ahalbidetuko du, pairatzen dugun krisialdi eko-sozialeko egoera honetan; izan ere, krisi horrek adierazten digu biodibertsitatea zaintzea ezinbestekoa dela bizitzak aurrera egin dezan.

"Natura, kultura, arkeologia eta gizarte ondarearen gaineko eragina konponezina izango da"

Era berean, badakigu zortzi aerosorgailu horien atzetik beste hamaika etorriko direla, hau izan baita transnazional horiek iraganean jarraitu duten taktika. Etekin ekonomiko izugarriak eman duen modus operandi hau Gasteizko Mendietako zentral eolikoan (faltsuki Azazeta deitzen dutena) ere argi ikusten dugu, bere jarraipena den Laminoriako zentrala deiturikoaren proiektua jada aurkeztu dutelarik, Europako Next Generation funts publikoez jabetzeko duten premiak bultzaturik.

Hau da, tamaina handiko zentral bakarra diseinatu da (Iturrietako Mendiak berriz ere arriskuan jarriz), eta atal ezberdinetan zatitu da. Atal horiek bereizi eta denbora desberdinetan izapidetzen dira, metagarriak diren ingurumen inpaktuen eragina ezkutatzeko asmoz, eraginak banakakoak izango balira bezala kudeatuz. Maniobra horrekin, azken erabakia Eusko Jaurlaritzaren esku geratzen da, Espainiako Gobernuaren esku egon beharrean; Eusko Jaurlaritzaren izapidetzearen alde egiten da, denborak arinduz eta zentral txikiak direla sinetsaraziz; izan ere, 50 MW-etik beherako potentzia dutenez, ez dira Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioan ebazten.

Berriro azpimarratu behar da Gasteizko Mendiek, oro har, arbitrariotasun horietatik babestuta egon beharko luketela. Gasteizko Mendiek jada ingurumena babesteko figura bat aitortuta duten habitat naturalak konektatzeko duen papera ezinbestekoa da. Eremu horiek duten garrantziaz jabetzeko, bere garaian Parke Naturala izateko proposamena egin zela jakitea besterik ez dago.

"Lurren jabeak diren junta administratiboek ezetz esan dute. Oso larria da administrazioak kontuan ez hartzea"

Era berean, salatu nahi dugu ez zaiela erantzun bere garaian proiektu horien aurka egindako alegazioei (23.000), ez maila partikularrean, ez plataformaren mailan, ez eta kaltetuak diren kontzejuen mailan. Mega-proiektu hauek planteatzen diren lurren jabeak diren junta administratiboek ezetz esan dute. Oso larria da administrazioak kontuan ez hartzea; landa lurreko biztanleei eta nekazariei, bizi diren espazio naturalak babestu, kontserbatu eta defendatu nahi dituztenei, beren lurraldearen gaineko erabakitzeko boterea kentzen ari zaie. Arabako kontzejuen elkarteari (ACOA) eskatzen diogu bere kontzejuak legez kanpoko egoera horietatik defenda ditzan.

Praktika zentzugabe honek sortzen duen kezka zera da: egun batean hauteskundeetan gehiengoa izan zuten agintariek bultzatzen dutela. Hala ere, berriztagarriak ezartzeko, administrazioek ez dute eragozpenik enpresa energetikoen proposamenak onartzeko, nahiz eta enpresa horiek eremu komunalez jabetu nahi izan, industrializatzeko asmoz; enpresa horien jarduerak, beraien mozkinen aldekoak eta guztion ongizatearen aurkakoak direnak, ezin dira hauteskundeetan bozkatu.

Proiektu hauek gelditzen ez baditugu, mendilerroak arriskuan egongo dira. Elgea mendilerroan gertatu zen; gutxi batzuekin hasi ziren, eta, ondoren, Urkilla mendilerroa betetzen jarraitu zuten. Orain da garaia kalera atera eta lurraldea defendatzeko. Sentsibilitate handiko naturgune horietan mega-proiektu horiek egin ez daitezen lortzea aurrerapauso garrantzitsua izango da proiektatutako gainerako eremuen defentsan.

"Oraingoz, 70 kokaleku baino gehiago aurreikusi dira EAEn"

Oraingoz, 70 kokaleku baino gehiago aurreikusi dira EAEn. Nafarroako adibidea latza da: lurralde naturalaren ikaragarrizko okupazioa izanda ere, energia berriztagarriak masiboki jartzeak ez du bere subiranotasun energetikoa areagotu, ezta erregai fosilak ordezkatzea ahalbidetu ere.

Munstro horiek masiboki jartzeak CO2 emisioak murriztea ere ez da lortu; aldiz, estatu mailan handitzen ari dira. Hori bai, lurzoru naturalen artifizializazioa areagotzea, ekosistema bioanitzak suntsitzea eta landa lurraldeetako despopulazioa areagotzea errealitate bihurtzen dute, ikerketa batek egiaztatzen duen bezala.

Ondorioz, proiektu horiek bertan behera uztea eskatzen dugu, eta bila daitezela beste kokapen batzuk, biodibertsitatea arriskuan jarri gabe, espazioen eta espezieen kontserbazioa bermatuz.

Hori dela eta, dei egiten diegu Euskal Herriko pertsona guztiei oraindik ere administrazioen konplizitatearekin jarduten duten enpresa transnazionalen diru gose suizidatik salba dezakegun lurraldearen zatia defenda dezaten. Horretarako, maiatzaren 20an manifestazioa deitu dugu, berriztagarriak hedatzeko aurkeztu den ereduarekiko mesfidantza, arbuioa eta erresistentzia kaleratzeko.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago