Irulegiko eskua, 2000 urte baino antzinakotasun handiagoarekin, aurrekaririk gabeko pizgarria gertatzen ari da Euskal Herriaren kontzientzia nazionalean. Haren inpaktuak, euskal herritarrak hain indartsu eta emotiboki interpelatua sentitzeko, aurkikuntza horren atzean benetan zer dagoen pentsatzera gonbidatzen gaitu. Ez da albiste huts bat, jazoera bat, epe laburrean iragankorra; baizik gertakizun bat, gure identitatearen mamitzean oinarrizkoa. Gertakizuna irispen unibertsaleko (nazioarteko hedapena duten aldizkari zientifikoak aipatu egiten dute) sorkuntza singular oro da (bakana), beti toki zehatz batean sortzen dena (gure kasuan Nafarroan). Identitate oro imajinario batek (irudi baloratuak) eta sinboliko batek (zeinu-kontzeptu artikulatu eta partekatuak) osatzen dute. Kasu honetan, eskua xafla moduan eta bertan irarritako zeinuak. Zer harreman dago identitatearen eta gertakizunaren artean? Identitate oro errealak, gertakizunak (berriaren sortzaile dena) osatzen du. Zein eremutan agertzen dira gertakizunak? Zientzian, artean, politikan eta maitasunean. Irulegi deituriko gertakizuna eremu sinboliko-artistikoan kokatzen dugu.
Identitate oro dinamikoa ala estatikoa da. Identitate estatikoak lehenaldiko gertakarietan du oinarria. Gertakizun berrien sorkuntzarekin bihurtzen da identitatea dinamiko, biziberritu. Gertakizunak gure imajinario eta sinboliko zaharrak hausten dituenez, hasieran, halako arbuio bat eragiten du gugan; baina, aldi berean, gure subjektibitateak argitzen ditu. Horregatik kokatzen du pertsona bakoitza Euskal Herriaren errealitate sozio-politikoan: identitate euskaldunean ala espainiarrean.
Aurkikuntza publiko egin zenez geroztik, balizko baskismoaren azpian ezkutaturik zeuden identitate espainiarrak azaleratu ditu Irulegik. Pirinioen alde bietan kobazuloetan bizi ziren euskaldunek gurearen antzeko sinboliko bat (prozesu kreatibo-artistiko guztietan erabiltzen den hizkuntza eta idazkuntza) eta imajinario bat (margoketa gaitasun artistikoa bezala arte errupestrean), euskararen jatorriaren oinarria, edukitzeko gaitasuna ukatzen dutenak, iberismoz blai, aipatzen ari gara. Oteizak bere terminologiarekin zioen ezen gure arbasoak margozteko gai baziren, euskaraz mintzo zirelako zela. Eta hitz egiten bazuten, idatzi ere egiten zuten. Ezin dugu ahaztu gure identitate- eta pertenentzia-sentimenduak nolabait "ukituta" geratu zirela Iruña Veleiaren balizko iruzurrarekin. Irulegiren agertzeak bere indar osoz berreguneratu eta identitate espainiarraren aldeko maniobra difamatorio oro deuseztatzen ditu. Izan ere, gertakizun orok denbora zatitu eta aurreko eta ondorengo bat markatzen ditu gertatzen diren eremu bakoitzean. Horregatik esan dezakegu Euskal Herrian Irulegi aurreko eta ondorengo bat dagoela, eta egongo dela.
Nicolas Xamardo eta Xabier Rodriguez.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.