Igande honetan, Haritz Mujikak (Asteasu, 1995) irabazi du Gasteizko saioa, Txapelketa Nagusiko laugarrena, eta urriaren 29an Donibane Garaziko finalurrekoan kantatzeko txartela eskuratu du, Jon Maiaren ordezko gisa sailkatu ostean.
Asteasuarrarekin batera, Amaia Iturriotz, Iban Urdangarin, Manex Agirre, Miren Artetxe eta Xabat Galletebeitia aritu dira bertsotan, Europa Biltzar Jauregiko Maria de Maeztu aretoan bildutako 650 lagunen aurrean. Oier Azkarraga Grajales aritu da aurkezle eta gai-jartzaile gisa. Epaimahaiaren puntuaketaren arabera, honela gelditu da sailkapena:
- Haritz Mujika: 695,5
- Miren Artetxe: 670
- Iban Urdangarin: 660,5
- Xabat Galletebeitia: 655,5
- Amaia Iturriotz: 648
- Manex Agirre: 573,5
Lehenengo fase osoan bezala, Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Eneko Bidegain Aire, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde, Miriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki izan dira Gasteizko saioan epaile.
Behin behineko sailkapena
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia hasi duten 36 bertsolarietatik, hemeretzi sailkatuko dira finalaurrekoetara. Sei saiotik lau jokatuta, Alaia Martin, Joanes Illarregi, Nerea Ibarzabal eta Haritz Mujika zuzenean sailkatu dira. Datorren asteburuko bi saioetako (Donostia eta Lizarra) irabazleak ere zuzenean igaroko dira hurrengo fasera, eta, horiez gain, beste hamahiru bertsolari sailkatuko dira, puntuazioaren araberako hurrenkeran: