"Bost urte geroago, iruditzen zaigu gure beldur guztiak hezurmamitu egin direla"
Izan ere, 2017an zenbait guraso elkartu egin ginen, haurrak Alde Zaharrean autonomiaz mugitzearen eta jolasteko espazio aberatsak izatearen inguruan hausnartzeko. Auzoaren premietatik abiatzen zen eraldaketatxo bat genuen buruan.
Handik hilabete gutxira, Udalaren Hobetuz programan parte hartzeko aukera sortu zen. Eztabaida izan genuen gure artean, Udalarekin elkarlanean aritzeak zenbait beldur pizten baitzizkigun. Baina, azkenean, baiezko kontsentsu batera iritsi ginen, Udalarekin elkarlanean aritzeko aukera baliatzeko.
Gaur, bost urte geroago, iruditzen zaigu gure beldur guztiak hezurmamitu egin direla:
Denboraren kudeaketa ez da gure esku egon
Alegia, udal gobernuaren interesen araberakoa izan da. 2018. urtean abiatu genuen parte-hartze prozesua haurrekin, eta mamitsua eta emankorra izan zen. Guztiok oroitzapen ederra dugu saioen, egindako sistematizazio lanaren eta abarren inguruan. Baina prozesua hiru hilabetetan gauzatu behar izan genuen, esan zigutelako obrak hurrengo ikasturtean egingo zituztela. Baina hurrengo ikasturtean beste lan batzuk lehenetsi ziren, hauteskundeak zirelako, eta gero pandemia etorri zen. Hala, lau urte berandu egikaritzen den proiektu honek zentzu guztia galdu du bertan parte hartu zuten haurrentzat, eta hau zen, hain zuzen ere, gure interes nagusia: haurrentzako ikasketa esanguratsua nahi genuen, ez plaza guai bat.
Mediatikoki erabili izan dute gure proiektua
Zenbait hedabidetan, Alde Zaharrerako Barne Erreformako Plan Bereziaren (PERI deritzona) moldaketa eta auzo eraldaketaren lehen urrats gisa saldu zen proiektua. Hori izan zen komunikazio arduradunen batek, albisteen faltan, asmatu zuen gezurra. Bestalde, hedabideetan ere ikusi dugu nola puzten zen proiekturako aurrekontu partida, nahiz eta horretarako arrazoia ez dugun inoiz jakin.
Proiektua lapurtu digute
Gure auzoan, sarritan salatu izan da egiten diren inbertsio handiek turismoa izaten dutela xede. Guk, berriz, bertan bizi diren haurren beharrak izan nahi genituen abiapuntu. Iraingarria iruditzen zaigu gure proiektua, bultzatzaileen baimenik gabe, Europako Next Generation funtsetarako aurkeztea, turismo jasangarriaren atalean; aurpegira barre egitea, alegia.
Ustez partaidetza sustatzen duen udal gobernu honek gaur plaza bat inauguratu du, baina salatu nahi dugu prozesua aspaldi zapuztu zuela. Partaidetza Sailetik saiatzen badira ere, ezinezkoa da prozesuak zaintzea udal gobernuak bere interesen arabera erabiltzen baditu herritarren proposamenak.
Edozelan ere, eta esperientzia tamalgarri honen gainetik, auzokideok jarraituko dugu auzoa gure gain hartzen, eta ez diogu utziko plazak birpentsatzeari, hausnartzeari, eraldatzeari, gozatzeari eta jolasteari. Dudarik gabe, prozesuan ikasitakoak horretan lagunduko digu.
Sinatzaileak: Haurren Auzoa parte hartze prozesuaren bultzatzaileak
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.