Gasteizko Alde Zaharreko haur eta gurasoen (bereziki Ramon Bajo ikastetxekoen) ekimenez abiatutako Haurren Auzoa proiektuak argia ikusi du, azkenik. Izan ere, Etxauri plazako jolas eremu berri, naturalizatu eta berritzaile hau Gasteiz Hobetuz parte-hartze prozesuaren emaitza da, eta 570.013,76 euroko inbertsioa izan du, Next Generation EU funtsen bidezko finantziazioarekin.
Espazio berria diseinatzeko auzoko bizilagunen proposamenak txertatzeko asmoa izan duela ziurtatu Udalak: besteak beste, aurrekoa ordezteko ping-pong mahai berria, eskalatzeko eremu bat edota ipuin kontaketarako espazio bat jarri dituzte. Espazioak, gainera, landarez estalitako mendi hegal inklinatu berri bat du, Gasteizko Mendiei begiratzeko balkoi gisa ere balioko duena.
"Gaur amaitu dugun proiektu honek oso ongi jasotzen du Gasteizen green DNA, eta, gainera, bizilagunen ekimenetik sortu zen. Eremuari esker, hiri ingurunea hobetzea lortu dugu: orain espazio erakargarriagoa eta dinamikoagoa dugu Gasteizko bihotz-bihotzean, azpiegitura berde handiagoa duena eta haurren eskariei egokitzen zaiena", adierazi du Gorka Urtaran alkateak.
Hala ere, Udalak familien kritikak jaso ditu Haurren Auzoa, edo nola zapuztu parte-hartze prozesu bat gutunaren bitartez.
Hiru eremu
Haurren Auzoa jolas eremuak hiru espazio nagusi ditu:
- Eremu inklinatua: Landarez estalitako mendi-hegal bat eraiki dute, itsasontzi baten brankaren formarekin. Gasteizko mendiei begiratzeko balkoi gisa balio du. Kopenhageko Zitadela edota Errenteriako San Marko Gotorlekua izan dira eremu honetarako erreferentzia. Bertan egoteko eta erlaxatzeko izango da, egurrezko eserlekuak ditu, eta ipuinak kontatzeko eremu gisa ere funtzionatuko du. Alboetan landareak eta lore multzoak ditu.
- Egurrezko horma: Aurrez zegoen metalezko hesiaren ordez, egurrezko horma bat jarri dute parke berria eta aparkalekua bereizteko. Horma horren inguruan hainbat jolas jarri dituzte: soken bidezko eskalada, horman finkatutako txirristak, enborren eta harrien gaineko oreka, zabu egokitua... Gainera, jasangarriagoa izateko, gomaren partez egur azalak jarri dituzte zoruan.
- Erdiko espazioa: Antzokiaren eta hormaren arteko eremua partzialki zolatutako espazioa bilakatu da. Lorategi zulatu bat du erdian, aldapaz inguratua. Eremu naturalizatuan enborrez egindako espiralak daude, oreka-jolasak egiteko. Eremu zolatuan ping-pongeko mahaia eta saskia jarri dituzte; saskiak hainbat uztai ditu, zuhaitz baten antzera.
Horrez gain, eserleku berriak eta argiak jarri dituzte, baita zuhaitz berriak landatu ere, espazioari itzala eta berde kolorea emateko. Aurrez zeuden zuhaitz batzuk ere mantendu dituzte, hala nola lizar handi bat.
Bestalde, Etxanobe lorategian 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzako tirolina bat jarri dute, Ramon Bajo ikastetxeko haurren eskaerari erantzuteko.