Gutuna

Betiko gurekin, Igor

Erabiltzailearen aurpegia Terrilas lagun taldea 2022ko abu. 13a, 10:00

"Eztabaida bati tiraka aritzeak ezagun izatetik lagun izatera igarotzeko ateak ere irekitzen dizkigu, zorionez."

Maiz esaten dugu Gasteiz herri bat besterik ez dela. Antzeko giroetan ibili, gertuko jendartearekin elkartu eta kalean aritzen denak lehenago edo beranduago izaten du ingurukoak ezagutzeko aukerarik.

Alde zaharrean ibilitako edozeinek aurpegi ezagun asko izango du buruan. Batzuetan, gainera, aurpegi horiei izena jartzeko aukera ere izaten dugu, eta eztabaida bati tiraka aritzeak ezagun izatetik lagun izatera igarotzeko ateak ere irekitzen dizkigu, zorionez. Halaxe izan dugu gutako askok Igor ezagutzeko aukera; berriketan, eztabaidan, solasean eta txantxaz txantxa jolasean.

Alaia, azkarra eta beti umorea ikur izandakoa. Gairik mamitsuenean buru-belarri eztabaidan aritu arren, hitz gutxirekin barre algara batean bukatzeko abilezia izandakoa. Pertsona jantzia, eta eztabaidari sekula uko egin ez diona. Tematia batzuetan, baina gertukoa eta ona benetan. Behin ateak irekita, ondoan tokia egiten dizun horietakoa.

Begi-bixkor horiek besteak baino pausu bat aurretik zihoala ere erakusten zuten askotan, eta irribarre erdi batekin, hitzen beharrik gabe, asko esateko gai izan da beti. Horrela izango zaitugu beti, gurekin, irribarretsu eta alai.

Terrilaseko lagunak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago