GOI TENTSIOKO LINEAK

Soberan daude pose mediatikoak

Erabiltzailearen aurpegia Alberto Frias, LURRA kolektiboko kidea 2022ko mai. 6a, 13:11

"Podemosek aurrekaririk gabeko ingurumen eraso honen aurka egin du, gobernu autonomikoaren pasibotasuna salatuz. Kritika horrekin bat gatoz (...). Baina horrek ez du esan nahi norberaren erantzukizunak alde batera utzi behar direnik".

Duela sei hilabete, ALHAO Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialak Arabako lurraldea zeharkatuko luketen goi tentsioko bi linearen iragarkia argitaratu zuen, Forestalia Renovables S.L. enpresak sustatuta. Zaragozatik abiatuta, hurrenez hurren, goi tentsioko 400 kV-ko bi linea horiek Arzubiagako eta Jundizko azpiestazioekin lotzen dute, Gasteizen.

"Proiektu horiek benetako lege iruzurrak dira, benetako garraio lineak ebakuazio linea gisa izapidetzen ari zirelako"

Lehenengoa, 178 km-ko luzerako Kyoko proiektuaren ebakuazio linea gisa izapidetua, Nafarroa ekialdetik mendebaldera zeharkatu ondoren, Asparrenetik sartuko litzateke Araban, eta Donemiliaga, Agurain, Iruraiz-Gauna, Barrundia, Burgelu eta Arrazua-Ubarrundia zeharkatu ondoren, Gasteizko Arzubiagako azpiestazioarekin lotuko litzateke. 92 dorretxo Araban, 72 metrorainoko altuerakoak.

Bigarrena, Tara eta Umiko izenekoa, 220 km-koa, Zaragoza, Nafarroa, Errioxa eta Burgos probintziak zeharkatuko lituzke. Bastidatik sartuko litzateke Araban, eta Zanbrana, Berantevilla, Armiñon, Trebiñuko Konderria, Argantzun eta Iruña Oka igaro ondoren, Jundizko azpiestazioan hustuko luke, Gasteizen. 83 dorretxo ditu Arabako eremu horretan, 64 metrorainoko altuerakoak. 

Kaltetutako udalerrien esku jarri ondoren, LURRAk alegazio idazkia eman zien epe barruan, eta salatu zuen proiektu horiek benetako lege iruzurrak zirela, benetako garraio lineak ebakuazio linea gisa izapidetzen ari zirelako, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legea urratuz; izan ere, lege horren 34.2 artikuluak Red Electrica de España S.A. izendatzen du "esklusiba erregimenean jardungo duen garraiolari" bakartzat. Ildo beretik, linea horiek ez dira jasotzen gaur egun indarrean dagoen eta izaera loteslea duen 2016-2020 aldirako energia plangintzan.  

"Errealitate horren aurrean, soberan daude berdez margotutako pose mediatikoak"

Bi proiektuak batuta, 70 metrorainoko altuera duten 175 dorretxo izango genituzke, azken hamarkadetako Arabako ingurumen erasorik handienetako batean gure lurraldea josiko luketenak. Finean, lurraldearen gaineko lehen gaueko eskubide berri moduko bat, energia berriztagarrien pean ezkutatua, funts putreen bidez —GIC Singapur edo CIP Kopenhage gisakoak— finantzatutakoak diren Forestalia bezalako enpresen mesedetan. 

Gure harridurarako, sei hilabeteko atzerapenarekin, Kongresuan duen diputatuaren bitartez, Podemosek aurrekaririk gabeko ingurumen eraso honen aurka egin du, gobernu autonomikoaren pasibotasuna salatuz. Kritika horrekin bat gatoz, izapidetzearen unean bertan partekatu eta publiko egin genuen bezala. Baina horrek ez du esan nahi norberaren erantzukizunak alde batera utzi behar direnik. 

Bi proiektuak izapidetzeko eskumena Espainiako erresumako gobernuari dagokio. 2021ean egondako enkanteen bakanal batean, gobernu horrek sortze zentroetatik ehunka kilometrora lotzeko eskubideak esleitu zituen. Ezin da bi lekutan aldi berean egon; ez da zilegia salatzea ezkerreko eskuarekin eskuinak ezkutatzen duena. Ez da etikoa ingurumen eta energia zentzugabekeriak salatzea horiek sustatzen dituen administrazioaren partaide zarenean.

Energia berdearen mantuaren azpian berriztagarrien burbuila erraldoi bat dago, prezioen inflazioarekin eta espekulazioarekin batera, eta Espainiako erresumako gobernuak sarera konektatzeko emandako lizentzietan oinarrituta. 2008ko krisiarekin antzekotasun gehiegi daude krisi berri baten aurrean gaudela ez pentsatzeko; enpresa elektrikoek ez dituzte beren etekin aberatsekin ordainduko, betikook baizik: argiaren ordainagiriak ordaintzen ari garenok.

Errealitate horren aurrean, soberan daude berdez margotutako pose mediatikoak eta edukirik gabeko garaiz kanpoko salaketak. Ekintza zehatzak falta dira, jasanezinak eta onartezinak diren zentzugabekeria horiek sustatzen dituen gobernuaren parte izanik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago