INGURUMENA

Goi tentsioko linea "predatzaileak" gelditzeko eskatu dute

Erredakzioa 2022ko mai. 6a, 11:21

Ahal Dugu eta Alianza Verde alderdien egoitzaren inaugurazioa baliatu dute gaia salatzeko. AHAL DUGU

Espainiako Kongresuan gaiari buruzko ekimen bat aurkeztu du Elkarrekin Podemosek. Koalizio morearen Gasteizko egoitza berriaren inaugurazioa baliatu dute proiektu elektrikoen inpaktua salatzeko.

Jendaurreko erakusketa fasean dauden goi tentsioko lineen bi proiektu gelditzeko eskatu dute Ahal Dugu eta Alianza Verde alderdiek. Atzo beren Gasteizko egoitza berriaren inaugurazioan eman zituzten xehetasunak.

Orain jendaurreko erakusketa fasean dauden proiektu horiek izango dituzten "ingurumen inpaktu larriez" ohartarazi dute koalizio moreko kideek. Are gehiago, proiektu horiek "predatzailetzat" jo dituzte. Besteak beste "babestutako habitaten zatiketa" eta "konpondu ezinezko paisaia ondorioak" argudiatu dituzte.  

Horietako bat Arabako Errioxatik sartuko litzateke gurean, Zaragozan hasita. Bastida, Zambrana, Berantevilla, Armiñon, Trebiñu, Argantzon eta Iruña-Oka zeharkatuko lituzke, Jundizko azpiestazioraino. Bestea, Asparrenetik sartuko litzateke, Lautadako hainbat udalerri zeharkatuta, Arzubiaga azpiestazioraino.

Iragarri dutenez, Espainiako Kongresuan ekimen bat erregistratu dute, proiektu horiek gelditzeko eskatuz. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago