Oinarrizko elikagaien prezioa %15 igo da, argiaren zein gasolinaren prezioak marka historikoak hautsi dituzte, 60 langiletik gora erailak, 4.519 indarkeria matxista kasu, eta 200 pertsonatik gora izan dira bere buruaz beste egin dutenak iaz Euskal Herrian. Gazteon langabezia-tasa %70ean dago. Tankera horretako beste hainbat adibide eman ditzakegu, bizi dugun eta modu bortitzagoan datorkigun miseria egoeraren espresio direnak.
"Agerikoa da, baita enpirikoki frogagarria ere, pobretze prozesuan gaudela, bizi baldintzen okertze sistematiko eta geldiezinean murgildurik"
Agerikoa da, baita enpirikoki frogagarria ere, pobretze prozesuan gaudela; hots, bizi baldintzen okertze sistematiko eta geldiezinean murgildurik gaudela. Geldiezina diogu, politikari profesionalen borondate progresistena ere antzua delako miseria egoera honi aurre egiteko; miseriaren kudeaketa da politika instituzionalaren bitartez egin daitekeen bakarra, baita alderdi ezkerkoiek ere.
Adibide garbia bizi dugu egun Espainiako Estatuan, non bi alderdi ezkerkoi dauden gobernuburutzan, beste zenbaiten babesarekin. Beraien proposamenetan erakutsi dezaketen aldaketa sozialerako borondateak talka egiten du beraien gaitasun politikoarekin. Talka diogu, Estatuaz gaindiko enpresari handiek eta oligarkia finantzarioak luzatzen dituzten diru-partidek zehazten dutelako gobernuen bide-orri politikoa, eta gobernuek inbertsio osoaren zati ñimiño baten gaineko eskumena baino ez dute. Adibide paregabea izan da azken Europako funtsena. Pandemia testuinguruan, ezker zein eskuineko gobernuek, aho batez eta alderdi guztien babesarekin, hartu dituzten neurri autoritarioak Estatuaz gaindiko erabaki mahaiekiko dependentziaren adierazpen gordina dira.
Osasunaren izenean egindako mugimenduak, lan erreforma, hezkuntzan erreforma berriak... barrutik hutsak diren proposamenak dira guztion ongizateari dagokionez, eta interbentzio kulturalerako zein gizartean bake soziala bermatzeko funtzioa betetzen dute.
"Gobernuek aho batez eta alderdi guztien babesarekin hartu dituzten neurri autoritarioak Estatuaz gaindiko erabaki mahaiekiko dependentziaren adierazpen gordina dira"
Testuinguru horretan kokatu behar ditugu ia oharkabean pasa diren hezkuntza erreforma berriak (LOMLOE, LH PLANA, LOSU eta Bizikidetza Legea). Ekoizpen ziklo berri baten atarian, gizarteko ekoizpen indar nagusien berregokitzapenak darama aginte-makila, zeinak gizarteko esparru guztietara hedatzen duen bere eragina, baita hezkuntzara ere. Hau horrela, aldaketa horien berme juridikotzat har ditzakegu hezkuntza erreformak.
Aipatutakoa lurreratzeko, nabarmena da etekin ekonomikoa bermatzen duten ikaskuntza moldeen indartzea, alor teknologiko-biologikoarena esaterako. Aitzitik, humanitateen esparruan dekadentzia adierazgarria ematen dabil, sakontasun teorikoaren baztertzearekin, ikasle profil "opinologo" batean berretsiz. Ikasle profil "opinologoa" diogunean, agertoki ezberdinetara egokitzeko gaitasunaz dihardugu. Formak edukiaren gainetik jartzen dituen izate batez alegia, zeinak ideal batzuekiko konpromisoa zein hegemonikoa den perspektiba sozialarekiko ikuspuntu kritiko bat oztopatzen duen.
"Estatuak duen legitimazioaz gain, funtsezko papera betetzen du enpresen esku-hartzeak ikaskuntza prozesuan"
Honakoa hezkuntza instituzioetan txertatzeko, Estatuak duen legitimazioaz gain, funtsezko papera betetzen du enpresen esku-hartzeak ikaskuntza prozesuan. Enpresen finantzazioak bi ondorio nagusi dakartza langile klaseko ikaslearentzat. Batetik, ikerketa esparruan ematen diren ikerkuntzak merkatuaren beharrak asetzera mugatzen dira, guztion ongizaterako ezagutza bat erreproduzitu beharrean. Bestetik, esperientziaren aitzakiapean, lan baldintza txarrak eta lan indarraren debaluazioa betikotzen dituzten praktikaldiak eta ikasmolde dualak normalizatzen dira.
Hau guztia perspektiba irekiago batera eramate aldera, langile klaseari hezkuntzara sarbidea ukatzen ari zaiola ondoriozta dezakegu, gizartea gutxi batzuen interesak barnebiltzen dituen parametro batzuen arabera hezteaz gain. Langile klaseari hezkuntzara sarbidea ukatzen ari zaiola diogu; ez soilik filtro ekonomikoa tarteko, non unibertsitatean laugarren matrikulazioaren prezioak %44,27 egin duen gora eta bigarren hezkuntzako ikasleek 664 euro gastatzen dituzten batez beste ikasturte bakoitzeko. Gizarteko estratu zaurgarrienen beharrak asetzeko ezintasuna du hezkuntzak egun.
"Klaserik gabeko gizarte baten eraikuntzan soilik lor dezakegu doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala den hezkuntza eskaintza"
Izan ere, ikasketa prozesuaren iraupena, titulazio esanguratsu baten lorpenerako muga ekonomikoa eta ikasketa prozesua burutzeko beharrezkoa den esklusibotasuna kontsigna eskuraezinak dira bizirauteko berehalako diru sarrera behar dutenentzat.
Horren aurrean, erreformak erreformatzea ez da aterabide posiblea. Gizarteko alor ezberdinetan suerta daitezkeen arazoei eutsi eta problematika partzialetatik haratago existitzen den erantzule komunari erreparatu behar diogu; ez baita kasualitatea, kausalitatea baizik, erreparatu beharreko hori. Errora jo eta egiturazko arazoari aurre egin behar diogu, indarrak batuz, klaserik gabeko gizarte baten eraikuntzan soilik lor dezakegulako doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala den hezkuntza eskaintza.
Deia luzatzen dugu hilaren 24ean, 12:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan hasiko den mobilizaziora batu zaitezen, Hezkuntza erreformak gelditu! lelopean.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.