Txosnera izan naiz duela gutxi arte. Ibili denak badaki. Oso ongi ezagutzen dut funtzionamendua eta errealitatea. Txosnetako giroa beti izan dut gustuko, eta beharbada horrek ere bultzatu ninduen beharra egon zen garaian talde motorean parte hartzera. Nahiko zatiketa politiko bazegoen ordurako, eta txosnetatik gehien maite izan dudan gauzetako bat hori izan da: desberdin pentsatu arren, hainbat gairen inguruan ikuspuntu estrategiko ezberdinak eduki arren, gai ginela sano egoteko, giro onean, proiektu komun bat aurrera atera eta elkarri laguntzen.
"Munduak mugitzen jarraitu du. Joko zelaian jende berria ere badago, eta ez dira beste planeta batetik etorritakoak"
Denbora aurrea joan da, eta gizartea asko aldatu da, ez gara lehen ginenak. Bi urteko etenaldia izan dugu arlo askotan, baita txosnetan ere. Baina munduak mugitzen jarraitu du. Joko zelaian jende berria ere badago, eta ez dira beste planeta batetik etorritakoak.
Gogoan dut txosnen muntaia eta desmuntaia amatasunarekin uztartu izan ditudala, eta nik bezala beste askok, imajinatzen dut. Miresmenez ikusten zituzten gure seme alabek gazteak txosnetan eta herri mugimenduetan beren denbora librea eta ilusioa jartzen. Miresmenez gazteen arteko giroa, herri mugimenduen militantzia bera, barraren alde batean zein bestean sumatzen ziren gauzak.
Pandemiak apur bat despistatuta harrapatu gaitu batzuk behar bada, baino beste batzuk irakurtzen eta eztabaidatzen ibili dira, eta asko... eta batzuk, ez gutxi, ildo sozialistarekin bat eginda daude orain. Eta, herentzian jasotakoa ahaztu gabe, hautu politiko ezberdinak egin dituzte.
"Gauza batzuetan ados nago, beste batzuekin ez horrenbeste, baino ez dut dudarik: gazteen artean izugarrizko indarra hartu dute"
Gauza batzuetan ados nago, beste batzuekin ez horrenbeste, baino ez dut dudarik, neure begiekin ikusi baitut: Euskal Herrian gazteen artean izugarrizko indarra hartu dute eta etengabeko mugimenduan ari dira, fronte askotan, gogo biziz. Eta gehituko nuke, nire adinetik gorako hainbat gurasok dugula komunista bat etxean. Estatistikoki hala behar du.
Bada, nola eta ze aurpegirekin azalduko diegu orain ezin dutela txosnarik jarri? Zerbaitek ez du koadratzen.
Txosnak, jairik gabeko garai honetan, lanean ibili omen dira irizpideak eguneratzen. Eta zoriondu nahi nituzke lan hori egin dutenak, ez baita erreza norbere kolektibotik kanpo beste lan honetarako ere denbora topatzea. Irizpide argiak jarri dituzte, egungo garai honetara egokituagoak, eta irizpide horien arabera ez zait iruditzen betorako arrazoi objektiborik dagoenik. Ea baten batek argiago azaltzerik duen.
"Irizpide argiak jarri dituzte, egungo garai honetara egokituagoak, eta horien arabera ez zait iruditzen betorako arrazoi objektiborik dagoenik. Ea baten batek argiago azaltzerik duen"
Ikuspuntu ezberdinak eta talkak daude hainbat alorretan. Aldaketa garaia da. Baina arrazoi horregatik beragatik, hanka sartze historiko bat izan daiteke oraingo hau. Eta sua itzaltzeko gasolina botatzea ez da ideia ona izaten.
Trenbide zaharrak haustura generazionala are gehiago handitu aurretik, geldi gaitezen apur batean, pentsatu eta zentzuz jokatu. Gure etorkizunaren, egungo gazteria militantearen, bloke indartsuenetako bat Txosnagunetik baztertzen ari gara. Eta horrek ondorio latzak ekar ditzake.
Ba horixe, jai herrikoi eta parte hartzaileak behar ditugula. Animo!
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.