Larunbatean Arnas Dezagun ekimenak manifestua aurkeztu zuen. Honek eztabaida ugari sortu ditu, eta gure familiaren iritzia eta esperientzia partekatzea gustatuko litzaiguke.
Gasteiz moduko hiri batean bereziki zaila da euskaraz bizitzea, gaztelania baitago nonahi. Gure auzoan Zabalgana Euskara Taldea daukagu, eta bertan gure alabek auzoko beste umeekin batera ekintzak euskaraz egiteko aukera dute. Elkarte honek antolatzen dituen ekintzekin pozik gauden arren, hiriak euskaraz eskaintzen dituen aisialdi jarduerak oso murritzak direnez, euskararen inputa eskasa da.
"Gasteiz moduko hiri batean bereziki zaila da euskaraz bizitzea, gaztelania baitago nonahi"
Aisiaz eta etxeko denboraz gain, gure seme-alabek denbora luze pasatzen dute eskolan, eta ume gehienen ama hizkuntza gaztelania denez gero, hori euskararen gainetik gailentzen da, umeen arteko komunikazio hizkuntza nagusia bihurtuz.
Hori gutxi balitz, eskola gehienetan, familia euskaldunen umeak elkartu beharrean, gela ezberdinetan sakabanatzen dituzte. Guk errealitate honekin topo egin dugu alaba nagusia eskolan hasi denean.
Nik Durako Ikasbidea Ikastolan ikasi nuen, eta bertan D naturalaren aldeko apustua egiten zen. 3 eta 12 urte bitartean, euskara ama hizkuntza zuten beste umeekin batera egon nintzen gelan. Gure komunikazio hizkuntza EUSKARA izan zen beti. Egoera hori D naturalaren arnasguneak ahalbidetu zuen, egon izan ez balitz hizkuntza handiak txikia jan izango luke eta. Gaur egun ere, txikitako gelako lagunekin elkartzean, euskaraz hitz egiten jarraitzen dugu, eta hori hasierako urteetan finkatutako hizkuntza ohituren ondorioa da.
Izan ere, pertsona batekin hizkuntza batean hitz egiteko ohitura hartzen duzunean, oso zaila izaten da horri buelta ematea. Horregatik, ume euskaldunak sakabanatzean, euskararen erabilera galtzen dute eta gaztelania bihurtzen da gelako komunikazio hizkuntza.
"Eskola gehienetan, familia euskaldunen umeak elkartu beharrean, gela ezberdinetan sakabanatzen dituzte"
Azken urteetan euskaldun kopuruak gora egin du. Aitzitik, beldurgarria da ikustea nola erabilpenak aurkako norantza hartu duen. Egoera horren aurrean, gobernu-aginteek neurri eraginkorrak hartu beharko lituzkete.
Arnas Dezagun ekimenak gai honen inguruan hausnarketa bat eskatzen du. Guk manifestuari atxikimendua eman diogun arren, zalantza batzuk sortzen zaizkigu inklusibitatearen aldetik. Dilema handia da umeen taldekatzea nola egin, baina argi dago gaur egungo sistemak ez duela funtzionatzen eta aldaketak egitea beharrezkoa dela, gure seme-alabak erdalduntzen ari baitira. Gaur egun, umeek euskara gutxiago erabiltzeaz gain, txarrago egiten dute. Geldirik jarraituko al dugu egoera honen aurrean?
Horregatik guztiagatik, nik Arnas Dezagun ekimenaren manifestuari atxikimendua eman diot.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.