Guraso euskaltzalez osatutako talde batek Arnas Dezagun ekimena jarri du martxan, udalerri erdaldunetako ikastetxetako D ereduan ikasten duten haur euskalhiztunen sakabanaketaren kontrako egitasmoa. Izan ere, ohartarazi dutenez, beren seme-alabak "gutxiengoa dira ikasgeletan, "baina elkarrekin jarri ordez, gela desberdinetan sakabanatzen dituzte ikastetxe gehienetan".
Sakabanaketa horren ondorioz, guraso horien hitzetan, "ume euskaldunei errotik ukatzen zaie euskaraz jarduteko aukera; horrela, oso denbora gutxian zeharo erdalduntzen dira, eta euskara bazter uzten dute, bai eskolan, bai handik kanpo ere".
"Irakasleen ahaleginak ahalegin, azken urteotan argi gorri guztiak piztu dira D ereduan. Ez da soilik eskolaren ardura, hala ere, eskola barik euskalduntzeak ezin du aurrera egin, jakina", azaldu dute. "Herri erdaldunduetako D ereduko ikastetxeetan etxetik euskara dakartenak sakabanatu egiten dituzte sistematikoki, horrela ukatu egiten diete elkarren artean euskaraz egitea. Beraz, haur euskalhiztunek uste eta jarrera etsigarriak garatzen dituzte".
"Haur euskaldunak sakabanatuz denak ateratzen dira galtzaile, bai euskaldunak asimilazioagatik eta baita etxetik erdaldunak direnak ere. Hitz batean, euskal hiztunek euskara bazterrean uzten dutelako eta erdal hiztunek beraien ikaskideengandik euskararik ez jasotzeagatik", gaineratu dute.
"Haurrek testuinguru euskaldunago bat behar dute. Euskaraz naturaltasunez eta eroso aritu ahal izateko, haurrek pantailak euskaraz, aisialdia euskaraz, kirola euskaraz, hizkuntza paisaia euskaraz eta abar ezinbesteko dituzte. Azken batean, egun erdaraz jasotzen duten guztia euskaraz jasotzea bermatu behar diegu", azpimarratu du guraso taldeak.
Manifestua
Egoera horren aurrean, Arnas Dezagun manifestua sortu dute, azken hilabeteetan landutako aldarrikapenak eta lan ildo nagusiak plazaratuz. Besteak beste, hiru eskakizun helarazi nahi dizkiete euskal ikastetxeetako zuzendaritza eta administrazioei:
- Haur euskal hiztunak ez sakabanatzea, "elkarren arteko harremanak euskaraz egin ditzaten, haur erdal hiztunentzat eredua eta jarraibidea izan daitezen".
- Arnasgune funtzionalak bermatzea, "hau da, euskaraz eroso jardun ahal izateko eremuak".
- Baliabideak eta laguntzak haur erdal hiztunen euskara maila indartzeko eta erabilera errazteko.
Aldarrikapen horien inguruko atxikimendu kanpaina abiarazi dute, eta arnasdezagun.eus helbide elektronikoaren bitartez sinatu daiteke.
MANIFESTUA