Umeen zaintzan

Erabiltzailearen aurpegia Irati Mujika / Bizitza plataforma 2021ko urr. 13a, 13:00
Arg: Pixabay

"Zer ondorio izango ote ditu epe luzera, gure haurrei egunero arnasa kentzeak? Eta nor izango da kalte horren erantzule?"

Ikastetxez ikastetxe, eskuz esku, Bizitza Plataformak osaturiko txostena banatuz hasi dugu ikasturtea Bizitzako kide eta laguntzaile askok 2021-2022 ikasturtea desberdina izan behar duela eta nolabaiteko normaltasunera itzuli behar dugula eskatuz. Hezkuntza Ordezkaritzetatik inposatutako protokolo bortitz hauek pixkanaka lasaitu eta desagertzeko neurri zehatzak proposatu ditugu:

-Tenperatura hartzeari uztea

-Hidrogelaren erabilera boluntarioa izatea

-Maskararen erabilera boluntarioa izatea

-Distantzia sozialik ez eragitea

-Ikastetxeetan txertaketa egiten ez uztea

-Gure ikasleak ez beldurtzea eta mehatxatzea

-Gai honengatik ikasleen artean bulling egiten ez uztea

2020ko martxoa ezkero haur eta gazteen eskubideak azken planoan gelditu dira Hego Euskal Herriko protokoloetan. Guraso gehienok gogoan izango dugu, txakurren "beharrak" kontuan hartu zirela, baina umeek ezin zutela inolaz etxetik atera lehen aste haietan. Neurriak arintzen hasi zirenean ere, tabernak zabaltzeko aukera etorri arren, aire zabaleko jolas parkeek prezintatuta jarraitzen zuten.

Iaz 9 hilabetez aplikatu ziren protokolo berdinak jarri dituzte mahai gainean Urkullu eta Chiviteren gobernuek. Ze ikerketa egin dute denbora horretan, neurri hauek eraginkorrak diren ala ez jakiteko? Haur Hezkuntzako umeak maskararik gabe ibili diren denbora horretan ez da egoera okerragorik izan, beraz gainerako adinekin konparaketa eginez gertatu dena aztertu al du inork? Nola azalduko digute, aisialdiko jardueretan geroz eta neurri malguagoak izatea baina eskoletan, kiroldegietan, liburutegietan... aurrerapausorik ez egitea? Berriz ere, haurren oinarrizko eskubideak azkenputz!

Ikasturte berri honetan gure agintariek ausardiaz jokatu eta beste herrialde batzuetan gertatzen ari denari erreparatzen badiote, ohartuko dira Ipar Euskal Herrian urriaren 4tik aurrera Lehen Hezkuntzako haurrek ez dutela maskara erabiltzen. Danimarka, Estonian, Finlandia, Erresuma Batua (Eskozian ezin), Hungaria, Norvegia, Belgika, Herbehereak, Luxenburgo eta Suedian ere ez da beharrezkoa maskara eskoletan. Alemanian, 12 urtetik aurrera agintzen dute.

Haur eta gazteen ongizatea bermatzen ez duten neurrien artean, maskararen erabilerak geroz eta kezka handiagoa sortzen duela nabarmena da azken asteetan. Eta ez da harritzekoa, haurrek helduek baino hiru aldiz oxigeno gehiago kontsumitzen baitute. Oxigeno faltak garunaren garapena eragozteaz gain kalte itzulezinak eragiten ditu eta hortik dator galdera, zer ondorio izango ote ditu epe luzera, gure haurrei egunero arnasa kentzeak? Eta nor izango da kalte horren erantzule?

Dagoeneko 3.200 sinadura batu ditugu, horregatik dei egin nahi dugu azken txanpa honetan Bizitza.eus web gunean sinatu eta urriaren 22an Hezkuntza Sail eta Ordezkaritzetara egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko, Gasteizen 14:00 Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuta, eskoletan arnastu nahi dugula ozen esateko!

Irati Mujika, Bizitza Plataformaren izenean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide