Iritzia

Zer da normaltasunerako bidean joatea ahaldun nagusiarentzat?

Erabiltzailearen aurpegia Babestu Araba - Arabako egoiliarren senideak 2021ko urr. 6a, 17:42
Babestu Arabak joan den maiatzean eginiko elkarretaratzea. / Alea

"Egoitza gehienetan ez zaigu esaten covid-a prebenitzeko protokoloa zein den, menua zein den, zein den oheratzeko eta jaikitzeko ordua, jarduerak egiten diren ala ez...".

Mingarria da egoitzen errealitatea ezagutzea eta atzo ahaldun nagusiak egin zituenak bezalako adierazpenak entzutea.

Nortexpres.com webgunean argitaratutakoaren arabera, ahaldun nagusiak iragarri du egoitzetako protokolo berriak bat etorriko direla gizarte osoarentzat hartzen diren erabakiekin. "Bizitzaren esparru guztietan normaltasuna berreskuratuz gero, egoitzetan ere normaltasun horretarantz joko dugu". Benetan, familia askorentzat, informazio hau irakurtzea eta "zenbat zinismo" pentsatzea, dena bat da.

Azken Foru Aginduan esaten zen irteerak egunero egin ahalko zirela. Argi dago paperak dena jasaten duela, baina egoitzetako errealitatea beste bat da. Egoitza askotan irteerak ez dira egunerokoak, zuzendaritzek hala erabakitzen dutelako, ezta bisitak ere. Diputatuak badaki hori, duela gutxi Aldundiak egoitza batean esku hartu behar izan duelako, egunero irteteko eskubidea ukatzen zutelako. Senideen salaketen ondoren egin zuen, eta salaketa jarri dutenek mehatxuak jasan dituzte.

Egoera hori egoitza askotan gertatzen da oraindik ere. Egoitza askotan senideek debekatuta daukate sartzea. Oraindik ez dugu informaziorik, familiei ez baitzaigu esaten egoitza gehienetan covid-a prebenitzeko protokoloa zein den, menua zein den, zein den oheratzeko eta jaikitzeko ordua, jarduerak egiten diren ala ez. Gure senideak bisitatzeko edo kalera ateratzeko, aldez aurretik hitzordua eskatu behar dugu, egoitzak erabakitzen duen ordutegian eta ordu tarteetan. Kartzelako sistema bera da.

Hau normaltasunerantz joatea bada, zerbait ez dator bat diputatu jauna. Gaur egun egoitzetan ez dira ari inolako normaltasunerantz abiatzen, eta berak badaki, baita Gizarte Ongizateko diputatu Sola jaunak ere. Eta ez badaki, are larriagoa izango litzatekeena, egoitzetako eguneroko bizitzaren inolako jarraipenik edo kontrolik egiten ez duelako da, gaizki deituriko ikuskapenak besterik ez dituztelako egiten. Izan ere, aurretiko hitzordua duen ikuskapena ez da ikuskapena, hitzartutako bisita baizik.

Egoitzetako erabiltzaileak herritarrak dira, gainerakoak bezala, eta horregatik, eskubide berberak izan behar dituzte. Bada garaia eskubide horiek berreskuratu ditzaten eta zaintza kalitate onekoa izan dadin, duela gutxi argitaratu den bezala, momentuz ez baita horrela. Gipuzkoan salatutakoa, zoritxarrez, ez da salbuespena, Araban ere gertatzen dira horrelakoak. Eta hori gutxi balitz, Lehendakariak, larrialdi-egoera amaitutzat emateko agerraldian, ez ditu egoitzak aipatu, ez gaztelaniaz, ez euskaraz aritu denean. Lehendakari jauna, diputatu nagusi jauna, Gizarte Politikako diputatu jauna, normaltasunerantz joateak esan nahi du neurri berdinak ezartzea herritar guztiei, auzo aberats batean bizi direnei, auzo pobre batean bizi direnei edo egoitza batean bizi direnei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide