Gasteizko erraldoi, buruhandi, zaldizko eta txoten konpartsako kideok gure atsekabea eta desadostasuna adierazi nahi dugu Gasteizko Udalak ikuskizuna bertan behera uzteko uztailaren 28an hartutako erabakiarekin.
Lehenik eta behin, duela lau hilabetetik hona egiten ari garen lana azpimarratu nahi dugu; Udalak 2021eko jaietan ikuskizun bat egitea proposatu zigunetik, haiz zuzen ere. Dantzak prestatzeaz gain, entseguak ere egin ditugu denbora honetan guztian zehar, astean bi edo hiru egunetan lan eginez, modu boluntarioan.
Urte hauetan erraldoiak egiten aritu diren dantzez gain, aurten errepertorioa gaurkotzea eta dantza berriak sortzeko ahalegina egin zen, buruhandiek egingo zituzten koreografiak barne, zerbait berritzailea izan behar zuena.
"Duela lau hilabetetik hona egiten ari garen lana azpimarratu nahi dugu"
Bigarrenik, adierazi nahi dugu ez dugula ulertzen Udalak igorritako komunikatuan gurea izatea bertan behera geratuko den ekitaldi bakarra, antzeko ezaugarriak dituzten beste dantza ikuskizun eta kontzertuak mantenduz.
Azpimarratu nahi dugu gurea ikuskizun guztiz segurua izango zela, aire zabaleko espazio batean egingo baitzen (Judimendiko parkean), edukiera mugatuarekin eta segurtasun distantzia mantenduz. Azken finean, segurtasun neurri guztiak beteko lituzkeen kultura ekitaldi bat, azken hilabeteetan egiten ari diren beste asko bezalakoa.
Agerian utzi nahi dugu erabat ziur gaudela ekitaldi honen segurtasun bermeaz eta bideragarritasunaz. Izan ere, horretaz ziur egon ezean, bertan behera uzteko edo alternatiba bideragarriren bat bilatzeko lehenak izango ginateke.
"Ez dugu ulertzen gurea izatea bertan behera geratuko den ekitaldi bakarra; gurea ikuskizun guztiz segurua izango zen"
Orain arte egindako lan guztiaren jakitun izanik, ez dugu ulertzen erabakia ikuskizuna egin eta astebete baino gutxiagora jakinarazi izana, are gehiago gure langileetako askok ekitaldi horren inguruan haien lan, familia eta opor agendak antolatuta zituztelako.
Berriro azpimarratu nahi dugu ez dugula ulertzen ekitaldi hau bertan behera uztearen zergatia eta Udalak 2021eko ez-jaien programari dagokionez egin duen debeku bakarra hau izatea.
Horregatik guztiagatik, Gasteizko Udalari eskatu nahi diogu abuztuaren 3tik 8ra bitartean Judimendiko parkean programatuta zegoen ekitaldia egiteko aukera eman diezagula, ekitaldi seguru baten berme guztiak betetzen baititu. Uste dugu gure txikiek merezi dutela hainbeste ilusio eta lan jarri diogun kultur ekitaldi honetaz gozatzeko eskubidea izatea.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.