Euneiz: irabazi asmoa duen unibertsitate pribatu honi babes eta diru publikorik ez

Erabiltzailearen aurpegia LAB, STEILAS, CCOO, ELA, LKN, EHUko Ikasle Kontseilua eta Ernai 2021ko uzt. 21a, 09:00

"Gure erabateko desadostasuna adierazi nahi dugu Euneiz egitasmoarekin. Eta baita EHUren zuzendaritzari eskatu ere instituzio gisa eskura dituen tresnak, baliabideak eta eragite moduak erabiltzea lege proiektuak ez dezan aurrera egin".

Eusko Jaurlaritzak, 2021eko martxoaren 16ko Gobernu Kontseiluaren bileran, Teknologia Berrien, Kirolaren eta Osasunaren Euneiz unibertsitate pribatua sortzeko lege proiektua onartu zuen. Haren inguruan Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean izandako agerraldietan ugariak izan dira egitasmoa kritikatu duten ahotsak, tartean EHUko errektorearena berarena eta Unibertsitateko sindikatu gehienena ere.

"Ugariak izan dira egitasmoa kritikatu duten ahotsak, tartean EHUko errektorearena eta Unibertsitateko sindikatu gehienena"

Lege proiektuaren tramitazioak, ordea, aurrera jarraitzen du, eta, dagoeneko ikasturte berrian sartuta seguruenik, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak eztabaidatu eta bozkatu beharko du lege proiektua, bidea emateko, edo ez, unibertsitate pribatu honen sorrerari. Honen aurrean, proiektuak euskal unibertsitate sisteman oro har eta gure unibertsitate publikoan bereziki izan dezakeen eraginarekin kezkatuta, EHUko langileon ordezkari garen LAB, STEILAS, CCOO, ELA eta CGT/LKN sindikatuok, eta ikasleen ordezkari diren Ikasle Kontseiluak eta Ernai gazte erakundeak EHUko Gobernu Kontseiluari adierazi nahi diogu gure erabateko desadostasuna egitasmoarekin. Eta baita EHUren zuzendaritzari eskatu ere instituzio gisa eskura dituen tresnak, baliabideak eta eragite moduak erabiltzea lege proiektuak ez dezan aurrera egin.

Izan ere, EHUren gehiengo soziala ordezkatzen dugun sindikatuok eta ikasle erakundeok uste dugu lege proiektu hau mugarri izan daitekeela euskal unibertsitate sistemaren bilakaeran, haren pribatizazioaren eta merkantilizazioaren ildoan, eta unibertsitate ikasketa eta ikerkuntzaren zerbitzu publikoko izaeraren kaltetan.

"Lege proiektua mugarri izan daiteke euskal unibertsitate sistemaren bilakaeran, haren pribatizazioaren eta merkantilizazioaren ildoan"

Izan ere:

1) Teknologia Berrien, Kirolaren eta Osasunaren Euneiz unibertsitate pribatua irabazi asmoa duen unibertsitate gisa sortzea du helburu lege proiektuak; izaera horretako lehen unibertsitatea gure erkidegoan. Beraz, ez dakar bakarrik euskal unibertsitate sistemaren pribatizazioaren areagotzea, baizik eta erabateko merkantzia bihurtzea ere, elite bati zuzenduta, irabazien eta errentagarritasunaren menpe jarriz unibertsitate ikasketak.

2) Euneiz unibertsitate pribatua sortzeko lege proiektua ez dator bat Euskadi Unibertsitate Sistema araupetzen duen legedian ezarritako printzipio eta irizpideekin. Zehazki, 274/2017 Dekretuak bere 2. artikuluan dio Euskal Unibertsitate Sistemaren titulu ofizialen eskaintza jasangarria eta harmonikoa izan behar dela eta, beraz, eskaintzan ezin direla justifikatu gabeko errepikapenak egon, titulazioei dagokienez gizartean dagoen eskaria aintzat hartu behar dela eta eskaintzaren kalitatea lehenetsi behar dela irizpide ororen gainetik.

Bada, ezaguna den bezala, Euneiz proiektuak, parte handi batean behintzat, errepikatu egiten du jada gure erkidegoan ematen den eskaintza, haren zabaltzea justifikatzen duen eskari jakinik gabe.

"Proiektua ez dator bat Euskadi Unibertsitate Sistema araupetzen duen legedian ezarritako printzipio eta irizpideekin"

Euneiz unibertsitatea sortzeko lege proiektuak, halaber, ez dio ezta ere inongo kalitate irizpideri erreparatzen. Ez da ezagutzen nola osatuko den klaustroa, ez irakasle eta ikertzaileen artean Espainiako Unibertsitate Sistemaren Legeak agintzen duen gutxieneko doktore tituludunak izango dituen ezta zein baldintzatan kontratatuak izango diren ere. Ez da, ezta ere, AZP plantillaren inguruko inongo aurreikuspenik egiten.

Hartara, Euneiz unibertsitate pribatuaren proiektua unibertsitateko enpleguaren prekarizazioa bultzatzeko ate irekia ere izan daiteke.

3) Euneiz unibertsitate pribatua sortzeko lege proiektuak ez du zehazten euskarari emango dion tratamendua ikasketetan. Euneiz, hartara, oso atzerapauso kaltegarria izan daiteke euskararentzat, oro har, eta unibertsitatearen euskalduntze prozesuarentzat, zehazki.

4) Horrekin guztiarekin ere, Euneiz proiektuari diru laguntza publiko ugari emateko aukerak zabaldu zaizkio parez pare. Hasteko, tokiko erakundeek milioi bat euroko diru laguntza zehatzak agindu dizkiote, eta Eusko Jaurlaritzak, halaber, Next Generation Europako Funtsak jasotzeko proiektuen zerrenda barruan kokatu du, 64 milioiko inbertsio baten egitasmoarekin, EHUrentzat eskatutakoak erdira ere heltzen ez direnean.

"Euneiz oso atzerapauso kaltegarria izan daiteke euskararentzat"

Bien bitartean, EHUk finantzabide eskasiari aurre egiten jarraitu beharko dio, urtetik urtera Gobernu Kontseilu honetan salatzen ari garen bezala. Horren adibide da, besteak beste, Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria eraikitzeko bere aurrekontu propioetatik 7 milioi euro jartzeko egin zaion eskakizuna.

Honengatik guztiagatik, aipatu EHUko sindikatu eta ikasleen ordezkariok salatzen dugu Teknologia Berrien, Kirolaren eta Osasunaren Euneiz unibertsitate pribatua sortzeko lege proiektua eta eskatzen diogu, halaber, Gobernu Kontseilu honi eta EHUren zuzendaritzari ere, irmotasun eta inplikazio handiagoa gure unibertsitatearen eta haren izaera publikoaren defentsan eta indartzean.

 

Sinatzaileak: LAB, STEILAS, CCOO, ELA, CGT/LKN, EHUko Ikasle Kontseilua eta Ernai. Uztailaren 20an EHUko Gobernu Kontseiluan irakurritako adierazpen bateratua.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago